Gaztaren ibilbidea egingo du Sollube 707 Mendizale Taldeak
Bost etapatan banatuko dute ibilbidea. Lehenengo etapa Legazpitik Arantzazura artekoa izango da, eta domekan egingo dute.
Bermeoko Sollube 707 Mendizale taldeak Idiazabal gaztaren ibilbidearen lehen etapa egingo du domekan.
Ibilbide hori bost etapatan banatuta dago eta turismoa, kultura eta kirola batzen ditu. Mendizale taldeko kideek gidatuko dituzte etapa guztiak eta parte hartzaileek beraien laguntza izango dute.
Etapa bakoitza bukatzerakoan zigilua emango zaie mendizaleei eta etapa guztiak egiten dutenek diploma jasoko dute. Horrela, hamabi kilometroko luzera duen Legazpitik Arantzazura bitarteko ibilbidea egingo dute lehenik eta behin.
Hala, ibilbideagaz Kataberako meatzak eta amabirjinaren aulkia ikusiko dituzte. Bukatzeko Arantzazun, Gomistegi baserrian dagoen Artzai eskola bisitatzeko aukera izango dute. “Egun ederra pasatzeko eta gure ondareagaz eta paisaiagaz gozatzeko aukera izugarria izango dugu”, adierazi du Sabin Bilbao Sollube 707 taldeko ordezkariak.
Izen ematea. Zubiaur Tar Kepan, Bermeoko udal azokaren aurrean dagoen markesinan batuko dira domekan, 07:00retan. Izena emateko, 676 62 01 95 edo 619 75 31 98 telefonora deitu beharko dute interesatuek. Bazkideentzat 10 euroko prezioa izango du eta beste guztientzat 12 eurokoa.
Bilbaok gogoratu duenez, “joan den urtean Oion eta Bermeo arteko Ardo eta Arrainaren ibilbidea antolatu genuen eta horrek izandako arrakasta kontuan hartuta, Idiazabal gaztaren ibilbidea antolatu eta bost etapatan egitea pentsatu dugu”.
Ibilbidearen beste etapak noiz egingo dituzten ere azaldu du ordezkariak. Maiatzaren 12an Arantzazutik Otzaurtera joango dira. Ekainaren 8an, Otzaurre eta Lizarrusti arteko bidea egingo dute. Gaua bertan pasako dute, eta hurrengo egunean, ekainaren 9an, Lizarrustitik Ordiziara joango dira. Bukatzeko, Irailaren 29an Ordiziatik Mutiloa arteko ibilbidea egingo dute.
Bilbaoren berbetan, “etapak ez dira ez gogorrak ez errazak, guztiek dute euren nortasuna”. Mendizale guztiak gonbidatu dituzte taldekoek, “Gipuzkoako ondarea eta historia ezagutzeko aukera paregabea” eskainiko duen ekimenean parte hartuta “paisaia zoragarriekin gozatzeko”.