Bertsolaritzen lehiaketaren finalak 86 lagun batu ditu Mendatan
Hiru mailatan banatuta idatzi zituzten bertsoak, eta lan guztiak aztertu ostean jakinarazi zituzten irabazleen izenak. Aurten, guztira, 350 lagun inguruk parte hartu dute lehiaketan.
Bertsolaritzen bertso idatzien lehiaketaren finala jokatu zuten herenegun 86 lagunek, Mendatan. Busturialdeko, Zornotzako eta Munitibarko herritarrak batzen ditu lehiaketak, eta aurtengo parte hartzeagaz pozik agertu dira antolatzaileak.
11:00etan hasi zuten bertsoa bultzatzea bilatzen duen lehiaketa, eta ordu betean idatzi zituzten parte hartzaileek beraien lanak. Hiru mailatan banatuta idatzi zituzten bertsoak, eta lan guztiak aztertu ostean jakinarazi zituzten irabazleen izenak; maila bakoitzeko irabazle eta txapeldunorde bana izendatu zuten, eta beste askori aipamena ere egin zieten.
A mailan, Amaia Zabala foruarra (Seber Altube) nagusitu zen, eta Haizea Gerrikabeitia gernikarra (Seber Altube) izan zen bigarrena; B mailan, Etxahun Amutio gernikarrak (Seber Altube) irabazi zuen eta Aitzol Unzueta gernikarra (San Fidel) geratu zen txapeldunorde; D mailan, berriz, Janire Arrizabalaga (San Fildel) gailendu zen, eta haren atzetik egin zuen Jokin Ansotegi gernikarrak (San Fidel).
Kanporaketetan ia 350 ikasle. Busturialdeko, Zornotzako eta Munitibarko ikastetxeetako ikasleek parte hartzen dute lehiaketa idatzian. Lehenengo kanporaketa ikastetxeetan egiten dute, ikastetxeetatik antolatzaileengana bideratzen baitituzte lehiaketan parte hartuko duten bertsoak. Gero, guzti horien artean, antolatzaileek aukeratzen dituzte gehien gustatzen zaizkienak.
Oilargane elkarteko kideek azaldu dutenez, aurten, ia 350 bat gazte ingururen bertsoak jaso zituzten, eta horien artean, gutxi gorabehera, 100 inguru aukeratu zituzten. Hala, aukeratutako horietako asko Mendatan elkartu ziren herenegun, finala jokatzeko.
Antolatzaileak pozik agertu dira lehiaketak izandako arrakastagaz.