Oraingoan ezin
Emakumezkoen ligaren azken aurreko jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak 70-82 galdu du IDK Gipuzkoaren kontra. Talde gernikarrak Zaragozan lehiatuko du azken jardunaldia, domekan.
Lointek Gernika Bizkaiak oraingo honetan ezin izan du IDK Gipuzkoa etxean mendean hartu. Talde gernikarrarentzat ligako azken jardunaldia izan da etxean, baina, hamabi puntuko aldeagaz (70-12) nagusitu zaio talde donostiarra. Sailkapeneko hirugarren postuari agur esan dio, eta asteburu honetan Zaragozan irabazi beharra dauka, titulua lortzeko play off-etako lehen kanporaketa etxean lehiatzeko. Izan ere, 42 puntugaz dago laugarren, eta Valencia BC bosgarrenak ere puntu kopuru bera dauka.
Zapatuko partiduari dagokionez, etxeko taldea berandu sartu zen partiduan; IDK Gipuzkoa nagusi izan zen 30 minututan. Hirugarren laurdenean, itxaropenerako zertzeladak ikusi ziren kantxan, baina, aurkariak ez zuen parkatu.
Lointeken boskotea finkatu dela argi geratu zen Malosten: Vanderwal, Williams, Nacickaite, Roundtree eta Berezhynska. IDK Gipuzkoak ez zuen ezer jokoan, baina, lau jokalari garrantzitsu kantxaratu zituen: Weaver, Sarr, Erauncetamurgil eta Nystrom. Hasierako minutuetan, talde donostiarra etxeko taldea baino hobeto aritu zen defentsan, eta erasoan ere ideiak argi eta aurkariak desegonkortzeko lanean aritu zen. Lau minutu pasatxo zirela, 2-10eko partzialagaz ziren, eta Mario Lopez Lointeken entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen. IDK Gipuzkoak zeukan partiduaren kontrola eta etxekoak ezinean ikusi ziren. Saskiratzeak erraz lortu zituzten aurkariek, eta horren adibide zen 5-18ko eta 5-21eko markagailuak. Lopezek boskotea aldatu zuen, eta horrekin intentsitate gehiago hartu zuen etxeko taldeak. Gainera, saskiratzeetan ere asmatu zuten. Lehen laurdena donostiarren hamabi puntuko errentagaz (13-25) amaitu zuten.
Hurrengo minutuetan gogotsu ikusi ziren etxeko jokalariak, eta aurkariak apur bat geldiaraztea lortu zuten. Hala ere, saskiratzeak lortzea zen giltzarria, eta IDKk ez zuen etenik izan. Weaver geldiezin ikusi zen, erakustaldia emanez. Ondorioz, markagailuan aurretik joan ziren atsedenaldira: 30-45.
Garaipena etxean geratzeko iraultza beharrezkoa zen. Markagailua iraultzeko zereginean, aldea apur bat murriztea lortu zuten (40-50), baina, zerbait gehiago behar zuten. Esfortsuak egin arren, IDK taldeko Weaver, Sarr eta Aduriz jokalarien lanari aurre egitea ez zen erraza. Hirugarren laurdeneko hainbat momentutan, markagailuari buelta ematea posible zela sinisteko jokaldiak burutu zituen etxeko taldeak. Alabaina, itxaropenetik errealitatera salto egiteko jauzia ematea falta izan zitzaion. 47-60ko markagailuagaz sartu ziren azken txanpan. Dinamika onagaz jarraitu zuten etxekoek; Banhamek ondo kudeatu zituen jaurtiketak eta paseak, Williamsek ere ekarpenak egin zituen eta Mazionytek talde lanaren zuzendaritza hartu zuen. Lehia amaitzeko zortzi bat minutu falta zirela, Mazionyte lituaniarraren hirukoagaz 55-62ko markagailuagaz jarri ziren. Azken minutuak urduritasun eta emozio bizikoak izan ziren. Lau puntura jarri zen Lointek (61-65), baina, IDK taldeko Sarr-ek oxigeno apur bat eman zien taldekideei.
Azken txanpan, talde donostiarraren jokalariak segurtasun barik, zalantzati eta hutsegiteak eginez aritu ziren. Etxekoak, aldiz, erasokor, baloia lortzeko borrokan eta jokaldietan asmatuz ikusi ziren. Ondorioz, 65-68ko markagailuagaz, ilusioagaz magia egitea posible dela sinistarazi zien zaleei. Baina, aurkariek gelditzen zitzaizkien indar apurrak ondo aprobetxatu zituzten eta garaipena ziurtatzeko lan egin zuten.