Lejarragak Europako gerrikoa jantzi dio Avanesyani
Morgako errebolberrak profesionaletako lehen porrota jaso du errusiarraren kontra, eta ondorioz, welter pisuko titulu europarra David Avanesyanek bereganatu du.
Irabaztera ohituta egon da Kerman Lejarraga Morgako errebolberra. Sei denboraldi daramatza profesionaletan, eta zapaturarte lehiatutako 27 borrokaldietatik denak irabazi ditu, horietako 22 KOz, gainera. Baina, kirolari handien moduan, galtzen ere jakin behar dela erakutsi zuen zapatu gauean, Miribillako zaleen aurrean. Hori ondo erakusten du ring-etik harmailetara begira adierazi zuen esaldiak: “Zuen aurrean bada, berdin zait galtzea”.
Profesionaletako lehen porrota baino askoz gehiago izan da; Welter pisuko Europako titulua galdu du. David Avanesyan errusiarra da orain Europako maisua. Aditu eta zaleek intentsitate eta emozio biziko lehia espero zuten zapaturako, eta horrela izan zen. Baina, Morgako errebolberrarentzat bukaera tristea izan zuen borrokak. Munduko txapeldun izandakoa nagusi izan zen ring-ean.
Boxeoan ematen ez ezik, jasotzen ere ondo jakin behar da, eta zapatuan ematea baino jasotzea tokatu zitzaion Lejarragari. Beste behin, giro izugarria egon zen boxeo ikuskizunean; etxeko lehoiak irabazi ez bazuen ere, euskal zaleek gozatu zuten. 10.000 pertsona batu ziren. Gainera, Lejarragak bere kiroltasunaren eta izaera umila agerian utzi zuen berriro ere; berak jantzi zion gerrikoa errusiarrari. Gainera, familia berbagaz zuzendu zen zaleengana: “Parkatu familia. Saiatu naiz, baina, ez da izan nahikoa. Espero dut errebantxa hartzea Bilbon, Errusian edo Londresen”.
Bederatzigarren borrokaldia hasi eta 30 bat segundora borroka geratu zuen epaileak. Kolpez kolpe, Avanesyanek KO utzi zuen Lejarraga. Aurpegian eman eta eman aritu zen, eta bilbotarrak ez zekien non zegoen ere. Ezin zion erantzun.
Lehen hiru borrokaldietan, indartsu ikusi zen etxeko boxeolaria. Errusiarra nekatzeko lanean aritu zen, eta hark aurre egin behar izan zion. Laugarrenetik aurrera, bizkaitarraren defentsan aurkitutako zuloak ondo aprobetxatu zituen hura zigortzeko.
Orain, huts egindakoak aztertu eta berriro ere ring-era dena ematera ateratzeko prestatuko da Morgako errebolberra, “bataila bat galdu arren, gerra ez duelako galdu”. Konstantzia giltzarria da edozein kiroletan; lanean jarraitzea, eta titulua berreskuratzea da bere helburua. Errebantxarako borrokatzeko aukera sinatuta daukate, eta MGZ Promotions-eko arduradunek esan dutenez, laster emango dituzte xehetasunak. Entrenatzera bueltatu aurretik, orain atseden egun batzuk hartu ditu Lejarragak.