Lea Ibarra Motrollo izan da onena, Bizkaia Esnea Txapelketaren lehen jardunaldian
Arkupe Pilota Taldeko eta Lea Ibarra Motrolloko pilotariek lehiatu dute txapelketaren lehen final laurdena, Mendatako frontoian. Munitibarko taldea final erdietara sailkatu da.
Arkupe Pilota Taldea eta Lea Ibarra Motrollo esku pelota eskoletako umeen arteko lehiagaz hasi zuten Bizkaia Esnea Txapelketa atzo, Mendatan.
Benjamin, alebin eta txiki mailetako txapelketa da, eta atzoko final laurdenean, Lea Ibarra Motrollo nagusi izan zen hiru kategorietan. 18-9 amaitu zuten benjaminek. Kimu mailan 18-12 irabazi zuen Munitibarko taldeak, eta txiki mailan 18-11 egin zuten. Hiru partiduak oso berdinduak izan ziren, baina, talde gernikarreko pilotariek “zorte eskasa” izan zutela azaldu dute antolatzaileek. Atzoko garaipenen ondorioz, Lea Ibarra Motrollo finalerdietara sailkatu da.
Bizkaiko zortzi herrik hasi dute txapelketa, eta horien artean dauden Bermeoko eta Gernika-Lumoko eskoletako pilotariak. Domekan (apirilak 7) Ibarrangelun jokatuko dute bermeotarrek. Zornotzako eskolako ordezkariak izango dituzte aurrean. Ibarrangelun bi final laurden lehiatuko dituzte. Beste norgehiagoka Lezama eta Mungiaren artekoa izango da.
Halaber, Kortezubiko frontoiak hartuko du azken final laurdena. Gasteiz eta Ortuella taldeak izango dira bertan, apirilaren 28an. Ondoren, Errigoitin jokatuko dituzte finalaurrekoak, maiatzaren 1ean. Finala, berriz, ekainaren erdialdean izango da, baina, oraindik data zehatza eta lekua erabakitzeke dituzte. Iaz Ortuella eta Munitibar sailkatu ziren finalera, eta Ortuellak irabazi zuen txapelketa.