Lander Lartitegi busturiarra nagusi, Mendatan
30. Mendatako Udala Sari Nagusiaren sari gehienak irabazi ditu Busturiako txirrindulariak.
Lander Lartitegi Nabiga 260/Gesincar taldeko txirrindulari busturiarra izan zen azkarrena 30. Mendatako Udala Sari Nagusian, zapatuan.
Txirrindulari gazteak bi ordu, zortzi minutu eta hamar segundotan burutu zuen lasterketa. Harengandik minutu bat eta sei segundora sartu zen helmugan Mikel Agirrebeitia SC Amorebietako txirrindularia. Loiumat-PG taldeko Iñigo Colinak osatu zuen podiuma. Colina Lartitegirengandik minutu bat eta 21 segundora sailkatu zen.
Gazte mailako 81 kilometroko lasterketa izan zen; Eleizale auzoan hasi eta amaitu zuten. Lartitegik lortu zituen lasterketaren sari nagusiak. Liderraren mailoa janzteaz gain, mendiko saria eta tarteko helmugakoa ere berarentzat izan ziren. Taldeko saria, berriz, SC Amorebietak eskuratu zuen.
Mendiko sailkapenean Agirrebeitia sailkatu zen bigarren, eta haren taldekide Gaizka Ansola hirugarren. Tarteko helmugakoan ere bigarren geratu zen Agirrebeitia eta haren taldekide Beñat Onaindia sailkatu zen hirugarren.
Alabaina, lasterketa amaitu ahal izan zuten txirrindulari kopurua izan zen nabarmenena. Hain zuzen ere, antolatzaileek “Ertzaintzaren jarrera desegokia” azpimarratu dute. 66 txirrindulari atera ziren goizean, eta horietatik 57 txirrindulari (%86’37) kanporatu zituzten ertzainek, “denbora larregi galtzen ari zirela eta segurtasuna argudiatuz”. Halako jarrerak txirrindularitzaren kalterako direla uste dute antolatzaileek: “Gure uste apalean, jarrera hori, ez zegoen justifikatuta, oso trafiko gutxi egon zelako bigarren mailako bide horietan eta ordu horietan gutxiago, gainera. Bederatzi txirrindulari sailkatzeko horrenbeste jende lanean izatea tamalgarria da zeharo. Jarrera hauekin txirrindularitza hil egingo dugu danon artean eta laster batean; lasterketak antolatzeko gogoak gutxitzea eragiten dute”.
(ARGAZKIAK: SC GERNIKESA)