Ekaitz Lejarzegik irabazi du Etxebarriko XIII. Kalamura Igoera
Hogei kirolarik parte hartu dute aurten, Etxebarriko Gazte Asanbladak antolatutako kirol proban.
Giro ederragaz ospatu da XIII. Kalamura Igoera. Etxebarriko Gazte Asanbladak antolatzen duen kirol probak 20 parte hartzaile batu ditu aurten. Zapatuko [martxoak 30] 10:30ean irten zuten korrikalariek Olaia aurretik Kalamura arteko bost kilometrotako ibilbidea osatzeko, eta Ekaitz Lejarzegi izan da aurten, helmugara heltzen lehenengo gizonezkoa. 32 minutu eta 58 segundoko denbora eginda irabazi zuen mendi igoera Ajangizko kirolariak.
Arratzuko Aritz Martinek eta Markina-Xemeingo Josu Uriartek osatu zuten podiuma. 33.22 denboran osatu zuen proba Martinek eta 33.40 denboran ailegatu zen Uriarte helmugara. Iaz, tontorrera heltzen lehenengoa izan zen Josu Uriarte, 33 minutu eta 44 segundotan osatu zuten ibilbidea.
Oihane Orue izan zen igoeran parte hartu zuen emakume bakarra. Igoera bikaina egin du Gernika-Lumoko kirolariak, 45 minutu eta 58 segundotan osatu du ibilbidea.
Proba amaitutakoan pintxoak eta edariak eduki zituzten parte hartzaileek, eta sariak hartu zituzten lehen emakumezko eta gizonekoak eta herriko lehenak. Jabi Gorbeak eraman zuen herriko lehenengoarentzako saria, 40 minutu eta 19 segundotan ailetau zen etxebarritarra helmugara.
Orue eta Lejarzegi.
Argazkia: Etxebarriko Gazte Asanblada