Sodupera joan da Bermeoko lapiko eta putxera txapelketako sari nagusia
33 lapiko aurkeztu dituzte aurton.
Bostale Bermeoko Ostalarien Elkarteak eta Bermeoko Udalak antolatuta, 4. Lapiko eta putxera txapelketa lehiatu dute gaur.
Sari nagusia Sodupetik etorritako Xabier Zubiagarentzat izan da. Zubiagak txapela, 200 euro eta ardo botilak eraman ditu etxera. Bigarren postuan Gernika-Lumoko BikaƱa gelditu da, eta 150 euroko ordainsaria eta ardo botilak jaso ditu. Hirugarrenean, berriz, Bermeoko Markentxu-rentzat izan da, eta 50 euroko saria jaso du, ardo botilekin batera.
Horiek ez dira sari bakarrak izan. Parte hartzaile guztiek ardo botila jaso dute. Gainera, putxera berri bat zozkatu dute Bostalekoek saldutako tiketekin. Irabazlea 795. zenbakiduna izan da, eta astebete edukiko du saria jasotzeko. Saria jaso gabe geratuz gero, 559. zenbakiaren jabea pasa ahalko da putxeraren bila.
33 lapiko. Goizetik batu dira sukaldariak eta lagunak Goiko plazan, eta txapelketan izena eman ostean, giro ederrean ekin diote lapikokoak prestatzeari. Aurten partaideen kopuruak gora egin du. Izan ere, joan den urtean parte hartu zuten 20 putxeren aldean, gaurko txapelketara 33 lapiko aurkeztu dira guztira.
Parte hartzaileetako asko bermeotarrak izan badira ere, asko izan dira lapikoagaz beste udalerri batzuetatik hurreratu direnak: Gernika-Lumo, Morga, Bakio, Sopela, Galdakao edota Armintzako bizilagunak ere bildu dira Goiko plazan.
Eguraldi onak lagunduta, eta girotzeko musikagaz batera, goiz osoan aritu dira lanean sukaldariak eta beraien laguntzaileak. 13:00ak aldera lapikokoak epaimahaiari aurkezteko ordua iritsi zaie. Horiek aurkezpena, gustua eta sukaldatze puntua hartu dituzte kontutan lapikorik onena aukeratzekoan.
Maila ona egon dela adierazi dute Bostalekoek, eta pozik azaldu dira goiko plazan egondako giroagatik.