Lointek Gernika Bizkaiak IDK Gipuzkoaren kontra jokatuko du ligako etxeko azken partidua
Emakumezkoen Ligan, denboraldiko azken aurreko jardunaldia dute jokoan asteburu honetan. Talde bizkaitarraren eta gipuzkoarraren arteko partidua 19:00etan hasiko da bihar.
Emakumezkoen Ligaren etxeko azken partidua jokatuko du Lointek Gernika Bizkaiak, bihar. Gainera, Malosten giro paregabea bermatuta egongo da. Izan ere, IDK Gipuzkoaren kontra lehiatuko da etxeko taldea.
Lehia bizi bezain polita izan ohi dute talde bizkaitarrak eta gipuzkoarrak, eta bi taldeetako zaleek giro berezia sortzen dute. 19:00etan hasiko da neurketa.
Erregina Kopan jokatu zuten elkarren kontra azkenengoz; Lointek Gernika Bizkaiak 83-70 irabazi zion IDK Gipuzkoari martxoaren 1ean lehiatu zuten finalaurrekoan. Ligari dagokionez, puntu bakarreko aldeagaz (65-64) galdu zuen talde gernikarrak Donostian, abenduaren 27an.
Denboraldiko etxekoen aurreko azken partiduan garaipena eskuratzea beti izaten da erronka, eta oraingo honetan sailkapenerako hirugarren posturako lehian egonik, helburu garbia dute. Talde gernikarra ia denboraldi osoan mantendu da hirugarren postuan, baina, orain dela bi jardunaldi Leonen galduta, jaitsi zen laugarren postura, eta Cadi La Seuk aurrea hartu zion. 41na puntugaz daude bi taldeak. Ligako titulua lortzeko borrokan, Avenidak lidergoari eusten dio 47 puntugaz, eta bi puntu gutxiago ditu Gironak.