Kerman Lejarragak Europako titulua defendatuko du bihar, Bilbon
Iazko apirilaren 28an jantzi zuen Europako gerrikoa, Bradley Skeete britainiarra garaituta. Bihar, David Avanesyan errusiarraren kontra borrokatuko da.
Miribillako Bilbao Arenako ringera Welter pisuko Europako titulua defendatzera aterako da Kerman Lejarraga Morgako errebolberra, bihar gauean. David Avanesyan errusiarraren kontra borrokatuko da. Gaueko borroka nagusiaren aurretik, beste hainbat borrokaz gozatzeko aukera izango dute Miribillara gerturatatzen diren boxeo zaleek.
Gaur egingo dituzte pisaketa ofizialak Bilbao Gran Hotelean, 17:00etatik aurrera.
Errusiarra munduko txapeldun izandakoa da, eta profesionaletan lehiatu dituen 27 borroketatik 23 irabazi ditu (horietatik 11 KOz).
Intentsitate eta emozio biziko lehia espero da biharko. Borrokatzeko estrategia definituta dauka morgarrak, eta aurrean aurkari gogorra izango badu ere, orain arteko mailan dagoela erakusten saiatuko da Lejarraga. Miribillan jendetza biltzea espero dute, eta oraindik ere sarrera batzuk geratzen dira. Halaber, Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du boxeo jaialdia, eta Euskal Herritik kanpoko zaleek, Eurosport katearen bitartez jarraitu ahalko dituzte borrokak.
Europako tituluaz harago, bere ametsa lortzeko bidean borroka garrantzitsua da. Munduko txapeldun izatea da bere erronka, eta laster Munduko txapelketaren bat jokatzea espero du.
Iazko apirilaren 28an jantzi zuen Europako gerrikoa, Bradley Skeete britainiarra mendean hartuta. Gaur gaurkoz, WBC zerrendako bigarrena da, eta WBA, IBF eta WBO zerrendetan bosgarrena. Sei denboraldi daramatza boxeo profesionaletan eta markak hautsi ditu; 27 borrokaldi lehiatu eta denak irabazi ditu, horietako 22 KOz.