Gernika Rugby Taldeak UE Santboiana hartuko du Urbietan, domekan
Zaleen babesa behar-beharrezkoa dutenez, Basurde tabernan bina gonbidapen eskura ditzake bazkide bakoitzak.
Ohorezko Mailako taldeek 20. jardunaldia dute jokoan asteburuan, eta Gernika Rugby Taldeak UE Santboiana Bartzelonako taldea hartuko du etxean. Domekan, 12:00etan hasiko da partidua, Urbietan.
Bi asteburu barru amaituko dute liga, eta basurdeek zaleen babesa inoiz baino beharrezkoago dute. Ohorezko Mailan jarraitzea da aurtengo erronka, eta hori lortzeko lanean zaleen indarra bidelagun izan gura dute. Horregatik, bazkideei euren gertukoak partidura gonbidatzeko aukera eskaini die klubak. Basurde tabernan bina gonbidapen eskura ditzake bazkide bakoitzak.
Denboraldi gogorra izaten ari da talde gernikarrarentzat; liga hasi zutenetik burua altxatu ezinik ari da. Hamahiru partidu galdu, lau irabazi eta bat berdindu du, eta sailkapeneko azken postuan dago, 25 puntugaz. Aurretik daude 32 puntugaz CR La Villa, 33 puntugaz Hernani CRE eta 34 puntugaz Complutense Cisneros.
Liga amaitzeko bi jardunaldi falta bazaizkie ere, basurdeek hiru partidu jokatu behar dituzte. Izan ere, 16. jardunaldiko partidua bertan behera utzi behar izan zuten Urbieta zelaiaren egoera txarragatik.