Lapiko eta putxera txapelketa egingo dute laugarrenez Bermeon
Goiko Plazan batuko dira, zapatuan.
Bostale Bermeoko Ostalarien Elkarteak, Bermeoko Udalagaz elkarlanean, Lapiko eta Putxera Txapelketa egingo du. Etzirako jarri dute hitzordua, eta udalerriko Goiko Plazan egingo dute lehiaketa.
Laugarrenez egingo dute gastronomia ardatz duen txapelketa hori. Antolatzaileek zehaztu dutenez, izen ematea egunean bertan izango da. Horretarako, parte hartu nahi duenak Kabidxe Gune Sozialera hurreratu beharko du 10:00etan. Izen emateak 4 euroko prezioa izango du.
Hala ere, lapikoak eta bestelako tresnak Alde Zaharrera eramaten hasi nahi duenak 08:00etatik aurrera egiteko aukera edukiko dutela argitu dute.
Hiru indaba mota. Indabak prestatzerako orduan, hiru motako lekaleak erabili ahalko dituzte parte hartzaileek. Horiek tolosarra, pinta edo nabarra eta Bizkaiko tolosarra izango dira. Nola ez, indabekin batera patatak, barazkiak, urdaia, txorizoa, odolostea, txarri produktuak, saiheskia eta behi magala jartzeko aukera ere egongo da.
Zehaztu dutenez, ez da derrigorrezkoa izango aipatutako osagai guztiak erabiltzea, baina txorizoa, odolostea eta urdaia derrigorrez erabili beharrekoak direla adierazi dute antolatzaileek.
Erabili daitekeen tresneriari dagokionez, sukaldariek indabak lapikoetan egin beharko dituzte derrigorrez. Modu horretara, presioko lapikoak ezin izango dituzte erabili, eta hori eginez gero lehiaketatik kanporatu egingo dituztela jakinarazi dute.
Lapikokoak kalean prestatu beharko dituzte; etxetik zerbait prestatuta eramanez gero, deskalifikatuta geratuko dira. Hala ere, Bermeoko txokoetan prestatzeko aukera ere edukiko dute partaideek, betiere, antolatzaileen kontrolpean egonez gero. Gasa, ikatza zein egurra erabilita prestatu ahalko dira lapikoak.
Indabak 13:00etatik 13:30era bitartean aurkeztu beharko dituzte partadaieek. Beranduago eginez gero, lehiaketatik kanpo geratuko dira. Epaimahaiari aurkeztu beharreko kantitatea kilo batekoa izango da, gutxienez.
Sariak. Sariei dagokienez, irabazleak 200 euro, txapela eta zehazteko dagoen sari bat eramango ditu. Bigarren sarituak 150 euroko ordainsaria eta sari bat irabaziko ditu. 50 euro eta beste sari bat izango dira hirugarren postuan geratzen denarentzako, eta laugarrenak zehazteko dagoen sari bat irabaziko du.
Iaz egindako txapelketan 20 lapiko aurkeztu ziren guztira. Lehen saria Larrondo Beko izenpean aurkeztutako sopelatarrarentzat izan zen.
Lapiko lehiaketagaz batera, euro bateko tiketak dituzte zozketa batean parte hartzeko. Irabazleak putxera bat eta lapikoa prestatzeko produktuak eskuratuko ditu. Zozketa goiko plazan egingo da, putxera lehiaketaren sari banaketaren ostean.