GRABNI Txapelketaren barruan, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko partidua hartuko du Santanapek
Eskuz binakako hiru partidu eta banakako bi partidu jokatuko dituzte zapatuan, 16:00etatik aurrera.
Federazioen arteko GRABNI Txapelketaren 3. jardunaldiko hainbat partidu ikusteko aukera egongo da zapatuan (martxoak 30), Gernika-Lumoko Santanape frontoian. Bizkaia eta Gipuzkoa taldeetako pilotariak ariko dira zein baino zein gehiago, 16:00etatik aurrera.
Bizkaiko taldeari dagokionez, Ruiz de Infante eta Aldai izango dira nesken eskuz binakako nagusiak kategorian lehian. Eskuz binakako gazteen kategorian, Etxeita-Erkiaga izango da bikote bizkaitarra. 22 urtez azpikoen eskuz binakakoan Agirremalloa eta Ibarloza lehiatuko dira gipuzkoarren kontra.
Halaber, Eskuz banakako bi partidu lehiatuko dituzte. Gazte kategorian, Urigoitia izango da Bizkaiko ordezkaria, eta 22 azpikoetan, berriz, Karregak.
Araba vs Nafarroa eta Errioxa vs Iparralde izango dira asteburuko gainontzeko aurrez aurrekoak. Zehatz esateko, Arabak Nafarroa hartuko du etxean, eta Errioxak Iparralde.
Finala maiatzean. Apirilaren 28an jokatuko dituzte GRABNI Txapelketaren finalerdiak, eta maiatzaren 5ean lehiatuko dituzte finalak.