30. Mendatako Udala Sari Nagusia lehiatuko dute zapatuan
Gazte mailako 81 km-ko lasterketa izango da. 10:00etan hasiko dute.
Gazte mailako txirrindulari lasterketa hartuko du zapatuan (martxoak 30) Mendatak. Hain zuzen, 10:00etan hasita lehiatuko dute 30. Mendatako Udala Sari Nagusia.
Mota honetako lasterketetan ez da egoten aurretiazko izen ematerik, eta beraz, egunean bertan jakingo dute parte hartzaile kopurua. Hala ere, SC Gernikesako arduradunek esan dutenez, 90-100 txirrindulari espero dituzte: “Egun horretan ez da gazte mailako beste probarik egongo, eta eguraldia ere aproposa edukiko dugu, beraz, parte hartze altua espero dugu”.
81 kilometro pasatxoko lasterketa izango da. Mendatako Eleizalde auzoan hasi eta amaituko dute. Arratzura bi buelta eman ostean, Urrutxura igo eta handik Dudoletara pasatuko dira, Ibarruritik jaitsi, eta Urrutxura abiatuko dira berriro Mendatara heltzeko. Jarraian, Gernika-Lumora jaitsi eta handik Mendatan amaituko dute. Mendiko tarteak Dudoleta eta Urrutxua izango dira, eta tarteko helmugak, berriz, helmuga eta kontrahelmugako bi pasabideak izango dira.
Sariak. Lehen hiru sailkatuek jasoko dituzte garaikurrak.