Sexualitate heziketa afektibo tailerrak lantzen ari dira Bermeoko ikastetxeetan
Bermesex Bermeoko Udalaren Sexologia Orientazio Zerbitzuaren eskutik egin dituzte tailerrak.
Bermesex Bermeoko Udalaren Sexologia Orientazio Zerbitzua sexualitate heziketa afektibo tailerrak eskaintzen ari da.
Tailer horiek udalerriko bigarren zikloko ikastetxe guztietan eskainiko ditu aurtengo ikasturtean. Dagoeneko Sagrado Corazon ikastetxean lehenengo urtez DBH2. eta DBH4. mailetako ikasleentzako tailerrak egin dituzte, udaleko gazteria zerbitzuak zehaztu duenez. Guztira, 8 orduko tailerrak egin zituzten ikasgela bakoitzeko.
Irakasleek tailerraren balorazio “oso positiboa” egin dute, eta ikasleek ere “oso dibertigarria” izan dela eta “asko ikasi dutela” adierazi dute. Martxoaren 11tik 15era arte, bestalde, Eleizalde ikastolan DBH4. mailakoekin egin zuten tailerra.
Etorkizunera begira, maiatzean Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuko 1. mailako ikasleekin egingo dutela argitu dute.
Arreta zerbitzua. Bermesex zerbitzuak norbanako sexualitatea modu onuragarrien eta positiboen bizitzeko baliabideak sortzea dauka helburu nagusi bezala, jendartearen aniztasuna errespetatuz.
Zerbitzuagaz harremanetan jartzeko, 644 898 661 zenbakira deitu edota bermesex@bermeo.eus helbide elektronikora idatzi ahal dute herritarrek. Uda garaian izan ezik, zerbitzua urte osoan erabilgarri dago.
Zerbitzua doakoa eta konfidentziala da. Herriko gazte, heldu, irakasle, guraso edo hezitzaileentzako arreta zerbitzua ere eskaintzen dute, barikuro Gizarte eta Kultura Etxeko 2. solairuan, 16:00etatik 17:30era bitartean.