Gaixotasun arraroak dituztenen aldeko ekimena egingo dute Busturian
Zapaturako egitarau zabala prestatu dute Eutsi Gogor Danok Batera elkarteak eta Ekoetxea Urdaibaik.
Eutsi Gogor Danok Batera proiektuaren barnean, gaixotasun arraroak dituzten umeen aldeko festa prestatu dute zapaturako.
Aniztasunean berdinak. Eutsi Gogor Danok Batera lelopean, ekimena Ekoetxea Urdaibaigaz, Busturiko Udalagaz eta EITBgaz elkarlanean sortu dute, eta Busturian kokatuta dagoen Madariaga Dorretxean egingo dute.
Mirenlur Santiago Eutsi Gogor Danok Batera elkarteko presidenteak azaldu duenez, ekitaldi solidarioagaz gaixotasun arraroak dituzten umeei “ahotsa eman” nahi diete.
Helburuak. Modu horretara, jaialdiak hainbat helburu edukiko ditu. Alde batetik, hurreratzen direnei elkartearen helburuak zeintzuk diren eta egiten duten lanaren berri eman eta gaixotasun arraroak zehazki zer diren azaldu nahi diete.
Horrela, gaixotasun horiek pairatzen dituzten umeen eta beraiek zaintzen dituzten senideen egunerokotasuna zer nolakoa zen azaleratu, eta arazo horien aurrean kontzientziazioa sortzea bilatuko dute. Hori eginez “gizarte gisa nola jokatu eta lagundu” daitekeen erakutsi nahi dute.
Beste aldetik, elkarteari aurrera jarraitzeko diru laguntzak biltzeko baliatuko dira jaialdiaz, “lanean jarraitu ahal izateko eta bide berriak zabaltzeko aukera izateko”.
Bukatzeko, “laguntzak, lanak eta lankidetzak bai inguruaren eta bai gizartearen iraunkortasuna posible egiten dutela” erakutsi nahi dute.
Helburu horiek lortzeko egitarau zabala prestatu dute. Umeek ongi pasatzeko jolas, saio eta gune bereziekin batera, adin guztientzako zuzendutako hitzaldiak eta tailerrak egingo dituzte, goizetik hasita iluntzera arte.
Ekintza batzuetan parte hartzeko beharrezkoa da aurretiz izena ematea, 946 87 04 02 zenbakira deituta edota info.urdaibai@ekoetxea.eus helbide elektronikora idatzita.
Ekimen gehienak doakoak izango diren arren, proiektuarentzako diru bilketa egiteko ongintzazko ekitaldi gastronomikoa eta txokolatada egingo dituztela jakinarazi dute. Mundu guztia gonbidatu dute elkarteagaz bat egin eta egunaz gozatzera, era horretara proiektuari laguntzeko.
Egitaraua:
-11:00-12:00. Eutsi Gogor Danok Batera elkartearen aurkezpena, Xabier Madariaga kazetariaren eskutik.
-12:00-13:00. Bidabizitzen haurrentzako ikuskizuna, Zirkun zirko taldeagaz.
-13:00-16:00. Baloreak gunea.
-13:30-14:15. Hiru3 gunea.
-13.30-15.30. Ongintzazko ekitaldi gastronomikoa. Madaixagane Jatetxearen laguntzaz, proiektuarentzako bideratuko den prezio sinbolikoa izango du.
-13:30-15:30. Xabier eta Iker Bermeoko rap taldearen kontzertua.
-14:00-16:00. Ametsak lau haizeetara tailerra, Hetty Van der Linden artista holandarraren eskutik.
-14:30-16:00. Hiru3 gunea.
-16:00-17:00. Laguntzarako txakurren hitzaldi-tailerra.
-16:00-17:00. Xaiborren ikuskizuna.
-17:00-17:30. DNA irudia. Zentroaren kanpoan giza genoma irudikatuko dute.
-17:30-18:00. Xaiborren ikuskizuna.
-17:30-18:15. Hiru3 gunea.
-18:00-19:00. Txokolatada. Madaixagane Jatetxearen laguntzaz, proiektuarentzako bideratuko den prezio sinbolikoa izango du.
-18:30. Athletic-eko jokalari baten jantziaren zozketa.