Bermeoko sutean hildako gaztea omendu dute
Bere gorpuzkiak Boliviara bidaltzeko diru bilketa egin dute.
Orain bi aste Bermeon izandako sutean hil zen 23 urteko gazte boliviarra omendu zuten joan den domekan. Bere adiskideek hura gogoratu eta bere gorpuzkiak Boliviara bidaltzeko diru bilketa egin zuten udalerriko Sollube tabernan.
Adierazi dutenez, Boliviara gorpuzkiak aberriratzea “oso garestia” da, eta gaztearen familia laguntzeko asmoz antolatu zuten ekimena. Horretarako, bazkari herrikoia egin zuten. Aurreikusitakoa gainditu egin dute, eta guztira 14.800 euro biltzea lortu zuten domekan.
Esker ona. Antolatzaileek parte hartu eta lagundu zuten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete: “Bermeotarrekin batera inguruko herrietako hainbat pertsona hurreratu ziren. Jende asko batu zen bertan, eta giro ederra egon zen musikagaz eta dantzekin. Benetan pozik gaude lortutakoagaz, oso ondo egon da”, adierazi dute.
Besteren artean, Aspaldiko, Gai-Sai, Akelarre eta Zokoa tabernei emandako laguntza eskertu diete. Bildutako dirua senideei bidaliko dietela azaldu dute.
Hala ere, oraindik ekarpenak egiteko aukera dagoela zehaztu dute. Horretarako, ES67 0081 43358100 0611 2024 kontu zenbakia ireki dute.