Testu tipologiez hitz egin dugu Montorreko ikasleekin
Gautegiz Arteagako Montorre Herri Eskolan egon gara goizean. Besteren artean, albiste, erreportaje eta elkarrizketen ezaugarriez hitz egin dugu.
Kazetarien egunerokotasunean ezinbestekoak dira galderak. Zer, non, noiz, zelan eta zergaitik gaderei erantzuna bilatzen ibiltzen gara, eta testu desberdinak idazteko unean galderek duten garrantziaz hitz egin dugu gaur Gautegiz Arteagako Montorre Herri Eskolan.
LHko 3., 4., 5. eta 6. mailakoekin batu gara. Abiste, erreportaje eta elkarrizketen arteko desberdintasunak ikusi ditugu. Gero, testu bakoitzak dituen elementuak aztertzen ibili gara. Hala, besteren artean, entresakak nabarmendutako datuak jasotzeko balio dutela ikusi dugu, eta ladilloek albistearen ideiak sailkatzen dituztela.
Era berean, ikasitakoa praktikan jartzeko ariketa bat egin dugu. Herrian obra berri bat egingo duten adibidea jarrita, alkatearentzako galderak prestatu ditugu. Kazetarien egunerokotasunera gerturatu dira ikasleak.
Solasaldia bukatzeko, Hitzako webgunea eta bertako edukiak zabaltzeko baliatzen ditugun sare sozialak ikusi ditugu.
Saio polita izan da, eta oso gustura egon gara Montorre Herri Eskolako ikasleekin. Pozgarria izan da bariku goiza elkarregaz hastea.
Hurrengoa, Mundakan. Gure eskualdean ikastetxez ikastetxe gabiltza irailetik. Ikasturte honetan bisitatu dugun zazpigarren hezkuntza zentroa da Montorre. Eskola txikietan egon garen hirugarren aldia izan da, Busturiko Jose Maria Uzelai eta Muxikako Urretxindorra Herri Eskoletan egonda gaude eta. Bi aste barru, apirilaren 5ean, Mundakako Eskolako ikasleekin egongo gara.