Langileen bozgorailu den tresna politikoa
Gedar Langile Kazeta aurkeztu dute Gernika-Lumoko Astran. Behar politikoei erantzuten dien kazeta da, eta gertakizunak ikuspuntu sozialista batetik lantzen dituzte. Aurrera begira komunikabide fisikoa izateko asmoa agertu dute.
Denborak mugatzen ditu ikus-entzunezko komunikabideak, izan ere, albistegiek dituzten minutuetan hainbat gertakizun kontatu behar dira. Paperezko komunikabideek, berriz, espazioaren muga daukate; zenbait orrialdeetan hamaika kontu landu behar dituztelako kazetariek.
Muga jakin horien aurrean, langile mugimenduaren ekintzen berri “nahikoa” ematen ez dela argudiatuta, izapide horiei buruzko informazioa emateko sortu sortu den komunikatzeko webgune berria da Gedar, “hutsuneei erantzuteko bidea”, hain zuzen.
Arduradunek Gernika-Lumoko Astran zehaztu dutenez, estrategia sozialistaren baitan gauzatzen diren langile mugimenduaren ekintzak jasoko ditu web orrialdeak: “Ohiko komunikabideetan langile mugimenduaren adierazpideek ez daukatela lekurik ohartu ginen, eta hutsune horri erantzuteko jaio da Gedar Langile Kazeta”.
Gedar, baina, ez da komunikabide arrunt bat bakarrik, tresna politikoa ere bada. “Komunikabide forma hartzen du egunkari digitalaren forma daukalako, baina Euskal Herriko prozesu sozialista elikatzeko borondate eta funtsioa daukan webgunea da”, diote arduradunek.
“Behar berriei” erantzuteko jaio den komunikabidea da Gedar Langile Kazeta
Garatze prozesuan dagoen web orrialdea da oraindik. Blog formatuan idazten duten arren, “laster” webgune itxura izango duela azaldu dute. Bertan, “isildutako” langile mugimenduaren ekintzak ezagutaraziko dituztela jakinarazi dute arduradunek; izan ere, langileen ahotsa bilakatu gura dute. “Langile mugimenduaren bozgorailua izan gura dugu. Aktualitatean tarterik ez duen mugimendu horri zentralitatea eman gura diogu”. Hala, antolakuntza eredu militantea daukan tresna dela aitortu dute.
Helburu zehatzak
Estrategia sozialista elikatzea da Gedarren helburu nagusia, eta horretarako langile mugimenduaren eta adierazpide sozialisten bozgorailu izan behar direla argi daukate bertan idazten dutenek: “Garrantzitsua den informazio politikoa modu fidagarri, eraginkor eta azkar batean komunikatuz erreferentzia bat izan gura dugu”. Gainera, kazetaren asmoa teoria komunistaren lanketarako bitartekoak eskaintzea ere badela zehaztu dute Gernika-Lumoko kulturarako fabrika sozialean.
Euskaraz komunikatuko du Gedar Langile Kazetak, baina Euskal Herrian frantsesez eta gaztelaniaz hitz egiten denez, edukiren bat edo beste hizkuntza horietan plazaratzeaz arduratuko direla esan dute, betiere zentralitatea euskarak duen bitartean: “Oraindik ez daukagu gaitasunik frantsesez idazteko, baina etorkizunean zenbait eduki hizkuntza horretan idaztea ere aurreikusten dugu”.
Langile mugimendua du ardatz, eta hori ikuspuntu sozialista batetik lantzen du
Momentuz, hiru ataletan banatuko dute webgunea: aktualitatea, ikuspuntua eta langile zientzia. Zehaztutako hiru horiek dira atal nagusiak, baina indar sozialistak indarra hartzen duen heinean atal berriak sortuko dituztela aurreratu dute, “behar berriei erantzuna emateko”.
Behar politikoen tresna denez, ez dira albisteen neutraltasunera mugatzen: “Klase ikuspegi batetik hautatu eta landuko dugu informazioa. Ez gara albisteen neutraltasunaren aldekoak. Azken finean, albiste bat idazterakoan beti dago hautaketa eta lanketa bat, eta guk langileen ikuspegitik landuko ditugu gaiok”.
Hala, albisteak gehienak Euskal Herriko langile mugimenduari zein mugimendu sozialistari buruzkoak izango dira. Berri horiek eskualde, nazio eta nazioarte mailatan sailkatuko dituzte, eta maila nazionaleko gertakariek izango dutela zentralitatea aurreratu dute. Izan ere, eskualdeko gertakari askok nazio mailan daukate eragina. Informazio “osoena” jasotzeko asmotan, informazio iturri bila dabiltza oraindik.
Gertakariak sailkatzeko lau ataletan banatu dute webgunea: biolentzia estrukturala, langile mugimendua, ofentsiba kapitalista eta prozesu sozialista. Lehenengo atalean etxe kaleratze, arrazakeria edota bortxaketei buruzko informazioa emango dute. Langile mugimenduaren atalean, berriz, botere politikoei erantzuten dieten langileen ekintzak landuko dituzte. Hau da, gazte asanblada edota gune autogestionatuei buruzko informazioa. “Langileak erasotzeko hartu daitezkeen neurri politikoak zeintzuk diren kontatuko dugu ofentsiba kapitalistaren atalean, eta prozesu sozialistan, berriz, antolakuntza eredu desberdinak landuko ditugu”. Berri gehienek albiste itxura izango duten arren, erreportaje eta elkarrizketak ere egongo direla jakinarazi dute.
Gertakariez haratago
Gertaeren berri emateaz gain, analisi politikoa egingo du Gedarrek. Hala, ikuspegiaren atalean, langile ikuspegia landuz, hezkuntzaren, historiaren edota feminismoaren lanketa burutuko dute. “Egoera politikoaz azterketa egiteko jendea egongo da, baina baita hezkuntzaren inguruko azterketa egingo duena ere”. Lanketa horiek modu jarraituan ematea aurreikusi dute.
Langile zientzian, berriz, aukerak askotarikoak dira. Teoria komunistari ekarpena egitea helburu du atalak. Hala, norbanakoen ikerketa teorikoak batuko ditu. Testu historiko zein gaur egungoak jasoko ditu, eta edukia aurkezteaz gain, lanak garai jakinean kokatuko dituen iruzkina egongo da.
Subjektibotasunetik lantzen dituzte gertaera eta albisteak webgune berrian
Hori da epe ertainean Gedarrek edukiko duen forma. Epe ertainean izango dela zehaztu dute arduradunek, “epe luzerako” komunikabidea izango dela aurreikusten dutelako. Komunikabide fisikora iristeko asmoa ere badaukate, baina hori, aurrerago erabakiko dute: “Beharrak zeintzuk diren ikusten dugun heinean, horiei erantzuna emanez joango gara”.
Gedar Langile Kazeta oraindik beta fasean dagoela zehaztu dute. Ez bakarrik webgunearen formari dagokionez, baita antolaketari dagokionez ere: “Baditugu lan taldeak, baina horiek bultzatu gura ditugun pertsonen bila gabiltza, sortu ahal diren behar berriei erantzuteko. Asko ez gara kazetariak, baina analisia egiteko gaitasuna daukagu”.