Taldekako Bertso Txapelketako bi saio hartuko ditu Busturialdeak
Gaur 18:00etatik aurrera Errigoitin txapelketaren laugarren kanporaketa jokatuko dute. Domekan, berriz, Gernika-Lumoko tabernetan lehiatuko dute bosgarren kanporaketa.
Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria indartzea helburu duen Bizkaiko Taldekako Bertso Txapelketako bi kanporaketa jokatuko dira asteburuan, Gernika-Lumon eta Errigoitin.
Otsailaren 24an Algortan hasi zen txapelketaren laugarren kanporaketa jokatuko dute gaur 18:00etatik aurrera Errigoitin.
Kanporaketa bakoitza hainbat saiotan antolatuta dago. Gaurkoan, herriko hiru toki desberdinetan abestu beharko dute bertsolariek. Lehenengo saioa Uria tabernan egingo dute, bigarrena Eleizalde jatetxean, eta hirugarrena, berriz, Ikuilu elkartean. Herriko kaleak ere girotuko dituzte trikitilariek lagunduta.
Errigoitin ariko dira eskualdeotako bi talde. Busturialdeko Zahar Alive eta Lea-Artibaiko Poto taldea. Hirugarrena Arrigorriagako Estropezu taldea da.
Zahar Alive taldea Julen Arzanegik, Onintza Enbeitak, Inazio Gonzalok, Xabier Enbeitak, Alain Cuberok, Xabier Arriagak, Joseba Uribarrik eta Julen Ibarguengoitiak osatzen dute.
Lekeitioko taldearen partaideak Aissa Intxausti, Jon Garatea, Xabat Galletebeitia, Ander Goikoetxea, Aitor Ruiz, Oier Azula, Aitzol Goitia eta Aitor Arrizubieta dira.
Domekan, berriz, Gernika-Lumoko tabernetan lehiatuko dute bosgarren kanporaketa. Ospa tabernan izango da lehenengoa saioa, 13:30ean, eta horren ostean bazkaldu egingo dute Harizpe txokoan. Bazkal ostean, bi saio egingo dituzte leku berean.
Udalerrian ere, eskualdeko ordezkaritza egongo da. Busturialdeko Itsosupetekuek eta Punta Batekoak arituko dira Abadiñoko Koipelustre´s taldeagaz batera.
Ander Elortegik, Eneko Aldanak, Leire Garatxenak, Aitor Etxebarriazarragak, Nagore Beitiak eta Iñaki Aurrekoetxeak osatzen dute Itsosopetekuek taldea.
Punta Batekoak berriz, hurrengo bertsolari hauek osatzen dute: Jon Arano, Iker Uriarte, Lurdes Ondaro, Beñat Bilbao, Ibai Amillategi, Roke Alberdi eta Julen Karrion.
Oinarrian eragiteko, bertso eskolak eta eskualdeak indartzeko eta bertsolari berriei plazarako bidea errazteko asmoz antolatu zuten lehenengoz 2017an. Aurtengoa bigarren txapelketa da.