Isabel Martin Hernandez: "Istorioak transmititu, gorde eta jaso ezean galdu egingo dira"
‘Mujer Charra’ izeneko bigarren liburua argitaratu berri du Isabel Martin Hernandez idazleak. Salamancako emakumeen istorioak jasotzen dituen bilduma da.
Idazteko zaletasuna du Isabel Martin Hernandezek. Hala, ‘Mujer Charra’ izeneko liburua argitaratu berri du. Salamancako emakumeen istorioak jasotzen dituen bilduma da liburua, eta istoriak transmititu eta gorde ezean galdu egingo direla esateko baliatu du.
Zer da Mujer Charra?
Bilduma bat da, Salamancako emakumeek kontatutako edota beraiei buruzko istorioak biltzen dituena. Txikitatik beti entzun izan ditut emakumeen errelatoak, eta horiek ez galtzeko liburu batean bildu ditut.
Zer irakurriko du liburuan irakurleak?
Emakumeek kontatutako errelatoak irakurriko ditu. Herriko lagunen kontuak jasoz hasi nuen bilduma hau, baina poliki-poliki jende gehiagorengana zabaltzen joan den liburua da Mujer Charra. Herrikoez gain, inguruko herrietako jendeari ere istorioak kontatzeko ere eskatu nien.
Salamancako emakumeen bizipenak soilik batzen ditu liburuak, edo badago beste lekuren bateko istoriorik?
Batez ere Salamankako emakumeen bizipenak jasotzen ditu. Hala ere, kontatu zizkidaten hainbat istorio ez dira beraiek zuzenean bizitakoak izan, inguruko senideek sufritu edo gozatutakoak baizik. Garai batean entzundakoak eta transmititutakoak dira batzuk. Ipuin baten kasua da hori, ardiak zaintzera bere aitagaz joan zen neskatoarena. Galdu egin zen, eta bere oinetakoak baino ez zituzten aurkitu, bere oinak bertan zeudela. Noizbait gertatutako horiek kontatzea polita da, kontatzen dutenek jarraian inoiz bizi izan ez arren.
“Garai batean entzundako eta transmititutako istorioak dira batzuk”
Nola bururatu zitzaizun liburu hau idaztea?
Txikitatik Salamancako herrira eraman naute gurasoek, eta aiton-amonekin zein herriko biztanleekin hainbat esperientzia bizi izan ditut. Ipuinak entzutea asko gustatzen zait, gainera. Halako batean, lehenengo liburua unibertsitatean nengoela idaztea bururatu zitzaidan. Estatistika ikasi behar nuen, baina ez neukan horretarako gogorik. Hala, osabaren etxera joan nintzen, eta zerbait kontatzea eskatu nion, betiko istorioak. Halakoan, bere lagun batek hainbat istorio zekizkiela esan, eta haren etxera joan ginen. Informazio asko jaso nuen, eta gauero, blogean istorio bana idazten nuen. Hala, jasotakoa ikusita liburu bat sortu nuen. Bigarren honegaz, berriz, desberdina izan da. Irailean Barakaldoko Salamancako Etxean egon nintzen, eta idazkariak emakumearen asterako zer egingo genuen galdetu zidan. Orduan, beraiei omenaldi bat egiteko asmoz, emakumeek kontatutako istorioak liburu batean biltzea erabaki nuen.
Zer gura izan duzu erakutsi?
Nire asmoa ez da tradizioan oinarritutako istorioak biltzea. Txikitatik entzun ditudan istorioak transmititu, gorde eta jaso ezean galdu egingo direla ohartaraztea baino. Gaur egun ez ditugu istorioak entzuten, kontatzen edota transmititzen. Abisu bat da liburua. La Zarza da nire lehenengo liburua, eta horretan nire asmoa ipuinen bilduma egitea izan zen. Baina azken honekin omenaldi bat egin gura izan diet emakume guztiei, eta bestetik, abisatu, desagertu egingo direlako. Istorioez ez ezik, txiki-txikitatik herrian beti abestu dituzten kantuak eta brindisak ere jaso ditut.
“Idaztea nire zaletasuna da, eta horregaz jarraitzea da nire asmoa”
Horiek guztiak jasotzea, ez da kontu erraza.
Ez, ez da. Gainera, kanta edota topa egitean esaten dituzten esaldi horietan erabiltzen dituzten hitzak ez dira gaur egungoak, ezta gaztelaniazkoak ere.
Emakumeen bizipenei omen egiten die liburuak?
Bai, emakume askoren istorioak jaso ditut, eurak dira protagonistak. Emakume nagusi batek beste emakume hari zer gertatu zitzaion gogoratzen zuen, eta hori jasotzeko beharra sentitzen nuen nik, istorio hori gal ez zedin. Askotan pentsatzen nuen liburua bukatuta neukala, baina beste istorio bat eta beste bat kontatzen zizkidaten andreek. Sentimenduak daude, eta ezin nien ezetzik esan.
Azkenaldian kontatu dizuten istorioak antzinakoekin nahasten dira, beraz.
Hori da, nahasketa bat da. Pentsatzen nuena baino zailagoa izan da aurrera eramatea. Urrian hasi nintzen, eta abendu erdialdean aurkeztu nuen lehenengoz. Inprentara, baina, otsailean bidali nuen. Nire kontura argitaratu dut, eta liburu bat inprentara bidaltzeak dauzkan zailtasunez ohartu naiz. Pausoz pauso, prozesuaren nondik norakoa ikasi ditut.
Istorioak entzun bitartean jakin ez zenuen zerbaitetaz ohartu zinen?
Gustuko ditut ipun edota istorioak entzutea, eta horiek idaztea. Esperientziak eta ezustekoak eraman ditut liburuagaz. Lehengusu bati bere birramamaren istorioren bat kontatzeko eskatu nion, eta hark aitite eraman zutela eta birramamari arma bat buruan jarri ziotela esan zidan. Gerra garaiko kontuak dira, baina familian horrelako zerbait gertatu izanak harritu egin ninduen. Gauza askotaz ohartu naiz. Hurrengo pausoa ikerketa egitea izango da. Inoiz espero ez nuen zerbaitetaz ohartu naiz, eta ikerketa egitea izango litzateke hurrengo pausoa.
Liburuaren hurrengo pausoa ikerketa izango litzateke, baina zurea zein da? Idazten jarraitu nahi duzu?
Argi daukat baietz. Idaztea nire zaletasuna da. Lana badaukat, eta, horrenbestez, bizitzeko beste diru. Liburu batek ez du diru asko ematen, kulturak artista edo oso famatua izan ezean, ez du dirurik ematen, publikatzeko gastatu behar da eta. Laguntzak ere oso eskasak dira. Baina zaletasunagaz jarraitzea da nire asmo nagusia.
Euskarazko libururik argitaratzeko asmorik badaukazu?
Dagoenerako idatzi dut bat. Euskara zelan irakasteari buruzko liburua da. Nire euskarazko hurrengoa autoestimuari buruzkoa izango da.