'Euskal emakume poetak' gaia du ardatz Bermeoko Liburu eta Disko Azokak
Gaurtik martxoaren 24ra arte berritasunak ezagutu eta erosteko aukera edukiko dute Lamerara hurreratzen diren herritarrek.
Euskarazko eta gaztelaniazko liburuak eta diskoak salgai dituzten 14 erakusle daude gaurtik, Bermeoko Lameran. Martxoaren 24a (domeka) arte eskaintza zabala aurkituko dute bertara hurreratzen direnek, 11:30etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era.
Euskadiko Liburu Ganbarak eta Bermeoko Udalak antolatutako Bermeoko Liburu eta Disko Azokaren gaia Euskal emakume poetak da aurten, eta horregatik, Euskal emakume poetak izeneko erakusketa dago ikusgai.
Irakurzaletasuna bultzatzea, azken eleberriak ezagutzera ematea eta liburua protagonista bilakatzea da azokaren antolatzaileen asmoa. Ildo horretan, Haur eta Gazte literatura, helduentzako literatura, sukaldaritza, historia, itsasoa edota euskal gaia bezalako alorretako produktuak bildu dituzte. Euskarazko berritasunek, liburu zein diskoek, %10eko beherapena dute.
Berritasunen artean daude, esate baterako, Toti Martinez de Lezearen Malkoak lur antzuan, Jon Arretxeren Ez erran deus, Harkaitz Canoren Fakirren ahotsa eta Pako Aristiren Rosa itzuli da. Haur eta Gazteen literaturan, berriz, Alaitz Olaizolaren Nork agintzen du? edota Pirritx eta Porrotxen lan berriak nabarmendu dituzte antolatzaileek.
Musikari dagokionez, besteren artean, Berri Txarrak, Ken Zazpi, Gatibu, Zea Mays, Goazen, Benito Lertxundi, Mikel Urdangarin edota Ruper Ordorikaren lanak ere aurkitu ahal dira salmahaietan.
Liburuak sinatzen. Liburu eta diskoak eskuratzeko ez ezik, idazleak bertatik bertara ezagutzeko ere topagune aparta da. Hain zuzen, hainbat idazle hurreratuko dira azokara irakurleekin batera egoteko. Azokaren bigarren asteburuan, Miren Palacios, Javier Sagastiberri, Antton Arriola, Joseba Itxaso eta Ava Hocsem idazleak ariko dira euren liburuak sinatzen.