Arraina da Bermeoko Portuko tabernek martxan jarritako ekimen berriaren protagonista
Hegalaburragaz, bokartagaz eta bakailaoagaz prestatutako pintxoak eskainiko dituzte Portuzarreko tabernek.
Itsasoak eta arrantzak Bermeo eta bermeotarrekin duten harremana nabarmentzeko asmoagaz, arrainari lotutako gastronomia ekimena prestatu dute Portuzarreko bederatzi tabernek.
Egitasmoa martxoko bi asteburutan eta apirileko bi asteburutan abiaraziko dute. Zehazki, martxoaren 23an, 24ean, 30ean eta 31an eta apirilaren 6an, 7an, 13an eta 14ean egongo da martxan ekimena. Horrela, asteburu horietako bakoitzean arrain zehatz bat protagonista bilakatu eta horrekin pintxoak prestatuko dituzte.
Hori eginez, “arraina bera eta pintxoak balioan jarri” eta aldi berean “Bermeok itsasoagaz duen lotura tabernatako gastronomian islatzea” dute helburutzat. Tabernetako ordezkariek zehaztu dutenez atuna, bokarta eta bakailaoa izango dira pintxoak prestatzeko erabiliko dituzten arrainak.
Eskaintza anitza. Egitasmoagaz, “herritar zein bisitari guztiek giro alaian arrainagaz egindako pintxo eskaintza ederra” izango dutela adierazi dute. Ekintza gastronomikoak “harrera ona” edukitzea espero dute tabernek. Izan ere, “herriko eskaintza turistikoa zabaltzeko” balioko duela uste dute.
Arrainagaz egindako pintxoak eginez, gainera, bezeroei “zerbait desberdina” eskaini nahi diete. “Tortilla pintxotik urrundu eta bertako arrainekin egindako pintxoak hedatzea nahi dugu”.
Pintxoak probatzera hurreratzen dizenen artean zozketa bat ere prestatu dutela argitu dute. Horrela, banatuko dituzten zenbakien artean otzara bat irabazteko aukera edukiko dute bezeroek.
Herritar zein turistak gonbidatu dituzte Portuzarrera hurbiltzera ekimenak iraungo duen asteburuetan, “Bermeoko gastronomiak itsasoagaz duen loturaz gozatzeko”.