Albistea jorratu dugu muxikarrekin
Muxikako Urretxindorra Herri Eskolan egon gara goizean. Besteak beste, albisteak zelan osatzen ditugun azaldu diegu.
“Berba gutxitan albistearen mamia laburbiltzen duen esaldia da titularra”… Albistea zer den; bere elementuak, nola osatzen ditugun, informazioa nondik jasotzen dugun… halako azalpenak eta bestelakoak eman dizkiegu goizean Muxikako Urretxindorra Herri Eskolako ikasleei.
LHko 5. eta 6. mailakoen ikasgelan bildu gara. Albisteak, objektiboak, egiazkoak, kontrastatutakoak eta ulerterrazak izan behar direla ikasi dute Busturialdeko Hitzako kazetariokin. Hain zuzen, gure aurkezpenaren ostean, pare bat ariketa eginez hasi dugu saioa. Horrela, albistearen ezaugarri nagusiak zeintzuk diren eta zeintzuk ez barneratu dute.
Era berean, prentsa ohar bat erakutsi diegu, kazetariok jasotzen dugun informazioaren adibide moduan. Zelan ez, gaurko egunkaria ere arakatu dugu elkarregaz. Gaurko berriak, elkarrizketak eta erreportajeak errepasatzeagaz batera, kazetaritza testu motak azaltzeko ere aukera eduki dugu.
Solasaldia bukatzeko, edizio digitala (webgunea) eta bertako edukiak zabaltzeko baliatzen ditugun sare sozialak ikusi ditugu.
Saio polita eta parte hartzailea izan da, eta oso gustura egongo gara. Plazerra izan da bariku goiza elkarregaz hastea.
Herri txikietan. Gure eskualdean ikastetxez ikastetxe gabiltza irailetik. Ikasturte honetan bisitatu dugun seigarren hezkuntza zentroa izan da Muxikakoa. Hain zuzen, eskola txikietara joan garen bigarren aldia da. Otsailaren 22an Busturiako Jose Maria Uzelai Herri Ikastetxean egon ginen, eta datorren barikuan (martxoak 22) Gautegiz Arteagako Montorre Eskolara egingo dugu bisita. Era berean, apirilaren 5ean Mundakako Eskolako ikasleekin egongo gara.