Azken urtean jaitsi egin da odol emate kopurua Busturialdean
2017. urteagaz alderatuta, 78 odol emate gutxiago egon ziren iaz Busturialdean. Guztira, 1.425 odol emate egin zituzten odolemaileek, gehienak Gernika-Lumon.

2017. urteagaz alderatuta, 78 odol emate gutxiago egon ziren iaz Busturialdean. Guztira, 1.425 odol emate egin zituzten odolemaileek, gehienak Gernika-Lumon; 965 aldiz eman zuten odola. Bermeon 411 odol emate egon ziren, Mundakan 42, eta Ean, berriz, 7.
Eskualdean gertatu bezala, Bizkaian ere odol emate kopurua jaitsi egin da azken urtean, %3,03 hain zuzen ere. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako datu orokorretan, baina, gehiago izan dira; %1,03ko gorakada izan dute odol emateek.
2017. urteaz alderatuta, 66 odolemate gutxiago egon ziren iaz Gernika-Lumon. Urtetik urtera beheranzko joera izan dute udalerriko datuek, eta Bizkaiko datu orokorrak baino bataz besteko hobea eduki arren, arduratzeko datuak direla diote Odolkideak elkartekoek: “Azken 10 urteetan gorabeherak egon arren, odol emate kopurua beti izan da 1.000tik 1.450eko tartekoa Gernikan. Orain, 965eko kopuruagaz beheko mugan gaude”.
Odola ematera animatzen diren emaile berrien kopurua “pozgarria” dela adierazi dute Odolkideak elkartekoek. Izan ere, Gernika-Lumon 35 odol emaile berri egon dira azken urtean zehar: “Berritasunak garrantzia handia dauka, eta ezinbestekoa da emaitzen iraunkortasunerako”.
Errepikatzeko joera dute eskualdeko odol emaileek, izan ere, urtean ia-ia bi aldiz ematen dute odola. Hala fideltasun maila “altua” dagoela zehaztu dute, eta hori estimatu beharreko datua dela diote.
Konpromisoari eusteko deia. Eskualde mailakoak gorabehera handirik gabeko datuak direla zehaztu dute Odolkideak elkarteko kideek, baina ekintza solidarioari bultzada eman behar zaiola argi utzi dute: “Odol emate datuak goranzko bidean jarri behar ditugu, berriro. Horretarako, emaile gehiago behar ditugu, baita gazteagoak ere”.
Eskualdean autonahikodunak izateko beharrezko kopurua “justu-justu” betetzen dela zehaztu dute: “Gizartean odolaren beharrizanik ez dagoela uste du jendeak, nonbait odola egiten delakoan edo. Baina Munduko Osasun Elkarteak zehaztutako odol emate tasa bete ezean ez da beharrizanak asetzeko beste odol egongo. Gure lana da kontzientziazio hori bultzatzea, odola denon beharra delako”.
Hala, odola emateko deia berriro zabaldu dute Odolkideek. Gainera, odola ematera autobusera hurbildutako guztiei eskerrak eman dizkiete.