Energia aurrezteko kanpaina abiatu du Gernika-Lumoko Udalak
Energiari buruzko informazio gunea jarriko dute, eta hitzaldiak emateaz gain, energia aurrezteko kit bat banatuko diete herritarrei.
Energia modu azkarrean kontsumitzeak duen garrantziari buruzko komunikazio kanpaina jarri du martxan Gernika-Lumoko Ingurumenerako Sailak, “herritarrak sentsibilizatzeko”.
Ekimen honen bitartez, kontsumoa murrizteko hainbat era ikasi ahal izango dituzte interesatuek. Izan ere, hitzaldiak antolatu dituzte, eta energiari buruzko informazioa jasotzeko gunea jarriko dutela ere jakinarazi dute antolatzaileek. Besteren artean, etxe edo enpresetan jar daitezken energia berriztagarriak zeintzuk diren jakin ahal izango dute interesatuek, bai eta energia aurrezteko egin ahal diren ekintza praktikoak zeintzuk diren ere.
Maria Uribe Ingurumenerako zinegotziak esan bezala, ordainagiriak murriztu heinean, aurrezpen energetikoak familia eta enpresen hobekuntzak ekarriko ditu: “Energiaren erabilera arduratsua kulturan jarri behar da, denok egin behar dugu gure lana gure lekutik, bai kontsumitzaile zein energia enpresek”.
Hiru zutabetako kanpaina. Kanpaina bultzatzeko, hitzaldiak prestatu ditu Ingurumen Sailak. Jubilatu, ikasle, merkatari, ostalari eta herritarrei zuzendutako hizketaldiak direla zehaztu dute. Horietan energia aurrezteko neurriak azalduko dituzte: “Ordaindu beharreko zenbatekoa txikiagoa izan dadin edo gasturik ez edukitzeko moduak landuko dira”. Hitzaldien egoitzak eta ordutegiak zehazteke daude oraindik.
Hizketaldiez gain, informazio gunea ere jarriko dute. Bertan, energia kudeatzaile batek aholkuak emango dizkiete bertaratzen direnei: bonu soziala eskatzeko jarraitu beharreko pausoak zehaztuko ditu, baita energia berriztagarriak erabiltzeko neurriak eta gomendioak eman ere. Gainera, besteren artean, efizientzia energetikoa lortzeko zein teknologia mota erabiltzen den ere argituko du.
Infogunea Maria Agirre aretoan egongo da, eta martxoaren 20an 9:30etik 13:30era egongo da erabilgarri. Martxoaren 21 eta 22an, berriz, 15:30etik 19:30era zabalduko dute. Azken eguna martxoaren 23a izango da, eta 9:30etik 13:30era bertaratu ahalko dira herritarrak.
Energia neurtzeko tresnaz osatutako boltsa utziko dietela herritarrei jakinarazi dute antolatzaileek. Ohikoak diren arazoak aurkitzeko balio du boltsak: isolamendu eza, aireztatze ez egokia edota eraginkorrak ez diren tresnen erabilera topatzea.