Olatz Arrizabalaga Emakume Master Cupeko finaletik kanpo geratu da
Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketako finaletik kanpo geratu dira Arrizabalaga gernikarra eta Agirre leitzarra. Tanto bakarragatik galdu zuten Espinar eta Arrillagaren aurka.
Olatz Arrizabalaga gernikarra eta Iera Agirre leitzarra Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketako finaletik kanpo geratu dira. Tanto bakarragatik galdu zuten atzo, Patri Espinar eta Miriam Arrillaga bikotearen aurkako finalaurrekoa.
874 pilotakada behar izan zituzten Espinar eta Arrillagak emozioz betetako finalaurrekoak irabazteko; azkenean, 17-18. Urduritasunez betetako 74 minutu jokatu zituzten Arrizabagalak eta Agirrek Espinar eta Arrillagaren aurka.
Berdinduta hasi zuten norgehiagoka, orekatuta. 5-5eko tantoa izan zen berdintasun horren adierazle nagusia. Gogorra eta luzea. Lau pilotariak defentsa lan bikaina egin zuten, eta Arrillagak egin zuen tantoa ezker paretan gaiztotutako pilota bategaz.
Erantzunkizunak pisu handia zeukan atzo, eta Arrizabalagak eta Agirrek defentsan jokatzea erabaki zuten hasiera hasieratik. Erasoan, berriz, Patri Espinar izan zen erritmoa aldatzeaz arduratu zena. Eta ausardia horrek saria eduki zuen.
17-13 jartzen zuen markagailuak. Atzetik zeuden Arrizabalaga eta Agirre, baina hamazazpina berdintzea lortu zuten. Baina ezin izan zuten norgehiagoka irauli, eta tanto bakarrera geratu ziren. Azken puntua oso lehiatua izan zen, luzea. Azkenean, Patri Espinarrek zabalera bota zuen pilota, eta ezin izan zuen jaso leitzarrak. Hala, agur esan zioten txapelketari Arrizabala eta Agirrek.
Lehenago, baina, Leire Etxaniz etxebarritarrak eta Leire Garai gasteiztarrak Maite eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurka jokatu zuten beste finalaurrekoa. Partidu hori ere puntu bakarragatik irabazi zuten Etxaniz eta Garaik. Emozioz betetako partidua izan zen hau ere, 14-17 atzetik joan eta gero, markagailua iraultzea lortu baitzuten. Azkenean, 18-17 etxebarritarraren eta gasteiztarraren alde.
Finala, domekan. Errenteriako Agustina Otaola frontoian jokatu zituzten atzo bi finalerdiak, eta emozio eta tentsio handikoak izan ziren biak ala biak. Lehen mailako eta promozio mailako finalak domekan 12:00etan jokatuko dira Zumarragako Antioko Interpretazio Zentroan. Lehen mailako finalean Leire Etxaniz eta Leire Garai aurrez aurre izango dituzte Patri Espinar eta Miriam Arrillaga.
Promozio mailakoan berriz, Maria Granadok eta Ainhoa Lakuntzak osatutako bikoteak Madalen Etxegarai eta Uxue Oseseren aurka jokatuko dute finala.