Bermeoko Asanblada Feministak martxoaren 8an emakume guztiak kalera irtetzeko deialdia egin du
Greba "bizitzako esparru guztietan" kokatzen dela aldarrikatu dute.
Bermeoko Asanblada Feminista hainbat ekimen prestatzen ari da martxoaren 8rako. Joan den barikuan “grebaren aldarria herri osotik zabaltzeko” kalejira egin ostean, greba eguneko ardatzak nabarmendu eta asanbladaren helburuak zehazteko agerraldia egin dute.
Azaldu dutenez, asanbladan fabriketan lan egiten duten emakumeak, irakasleak, ikasleak, pentsionistak, talde feministak, emakumeen elkartea eta gizarte zerbitzuetako langileak batu dira, besteak beste. Izan ere, martxoaren 8ko greba feminista “bizitzako esparru guztietan” kokatzen dela zehaztu dute: “doako edo soldatapeko lanetan, sexualitatean, kontsumo ereduan, familia eraikitzeko moduan, arrazakeriaren aurrean eta orokorrean, zapalkuntza guztien aurrean”.
Agerraldian, Dia supermerkatuetako emakumeei beraien elkartasuna adierazi diete asanbladakoek, “pasatzen ari diren gune latzak” direla-eta. Arozena Barrueta institutuko ikasleek ere zer esan eduki dute. Grebagaz, “etorkizuna aldatzeko” deia egin dute, “gizartea aldatzea derrigorrezkoa” delako eta hori herriko gazteen “esku” dagoelako.
Erreibindikazioak. Modu horretara, bihar egingo dituzten ekimenen berri eman dute. 12:00etan emango diote hasiera manifestazioari. Goiko Plazatik irtenda, Bermeo osoa hartuko duen ibilbidea egingo dute. Bidean hainbat geldialdi egingo dituzte, herriko emakume artistek prestatutako ekimenak egiteko. Urte osoan “hainbat kolektibo desberdinek plazaratutako erreibindikazioak” aldarrikatuko dituzte ekimen horietan, eta manifestazio “koloretsu eta zaratatsua” egingo dute.
Taraskan 2018an eraildako emakumeak gogoan izan eta emakumeenganako indarkeria amaitzeko mezua zabalduko dute. Lameran bukatuko dute manifestazioa, ordu biak aldera. Eguraldi txarra eginez gero, frontoira joango direla azaldu dute.
Agerraldian grebak planteatzen dituen bost alor edo ardatzak zehazteko aprobetxatu dute. Horiek zaintza lana, ikasleak, pentsionistak, soldatapeko lana eta kontsumo greba dira. Grebagaz bat egiteko hainbat modu daudela adierazi dute asanbladakoek, baina batez ere mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak sistema eraldatzen hasteko izendatu dituen 28 aldarrikapenekin bat egiten dutela azpimarratu dute bermeotarrek.