Umeek Bermeoko kaleak kolorez bete dituzte aratusteetan
Herriko hiru ikastetxeetako txikienek kalejira egin dute herritik zehar.
Iritsi da aratusteen egun handia Bermeora. Kostako herri guztia mozorrotu da hain egun berezia ospatzeko, eta hala kaleak mozorro, musika eta dantzaz bete dituzte bermeotarrek.
Herri guztia gozatuz eta ospatzen dabilen arren, gaur goizean udalerriko ikastetxeetako haur eta gaztetxoak izan dira erabateko protagonistak. Izan ere, eguraldi onak lagunduta San Frantzisko Herri Ikastetxeko, Eleizalde Ikastolako eta Sagrado Corazon Ikastetxeko txikiak Bermeotik kalejiran aritu dira mozorrotuta.
Txikienak traktoreek eramandako gurdien gainean egin dute kalejira, baina nagusienak dantzan eta kantuan ederto pasatu dute. Horrela, umeek giro alai eta koloretsua ekarri dute kaleetara. Musikak animatuta, gelditu gabe aritu dira goiz osoan, Lameran edota Goiko Plazan dantzatzeko geldituz, ondo pasatu eta gozatzeko.
Taberna mozorroen lehiaketa. Etxeko txikienek Bermeo hartu badute ere, nagusienentzako tokia ere izan da. Hemezortzigarrenez egiten duten Taberna mozorroen lehiaketa egin dute gaur.
Aurten zazpi izan dira lehiaketara aurkeztutako tabernak: Artza Frontoiko taberna, Zubi Gane, Taraska taberna, Kai Alde, Batun-Batun, Irish eta Kafe Loidxe. Benito Ibarrolaza alkateordeak, Aingeru Astui Kultura zinegotziak eta Jai Batzordeko kideek osatutako epaimahaia horietatik igaro da txapelduna erabakitzeko.
Guztiak bisitatu ostean, Zaindu gure itsasoak. Gure altxorrak dira gaiarekin girotuta egon den Irish tabernari eman diote lehen saria. Hala, hiru eguneko lagun birentzako spa & relax egonaldi berezia eta Itsuki Irratiko publizitate pakete bat jaso ditu.
Zubi Gane tabernak eraman du bigarren saria. Eurovision txapelketan girotuta egon da, eta lagun birentzako spa & relax egonaldia jaso du. Hirugarren postuan Super Mario Bros bideojokoaren irudiekin apaindutako Artza Taberna geratu da, eta burbuila gaua eraman dute sari moduan.
Epaimahaiak parte hartzaile guztien “maila ona” eta “originaltasuna” azpimarratu ditu, baita egindako lan handia ere. “Eskertzekoa da parte hartu duten tabernek egindako ahaleginak apainketa eta mozorro sortzaile eta originalak aurkezteko”.
Goiza igarota, jai giroak Bermeon bizirik jarraituko du. Izan ere, 16:00etatik aurrera Lameran FM dantzaldia egingo dute. Aratusteak ez dira hor bukatuko bermeotarrentzat. Datorren zapatuan, martxoaren 9an, Ezkontza Handixe ekimenagaz, portuko jaiagaz eta 80’s Party jaialdiagaz jarraituko dute mozorroen jaiarekin.