Sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute Bermeon
'Etxerako bidean, ez dut ausarta izan nahi, askea baizik' lelopean, ehun bat pertsona batu ziren atzo arratsaldean Goiko Plazan
Domekan 20 urteko emakume batek sexu eraso batengatik salaketa jarri zuen Bermeon, eta hari elkartasuna adierazi eta gertaera salatzeko bildu ziren.
Erroxape Emakumeen Elkarteak, Sorginorratz eta Norez Talde Feministek eta Bermeoko Udalak deituta, ehun bat pertsona hurreratu ziren elkarretaratzera. Emakumeon aurkako erasorik ez pankarta eskuan hartuta, Bermeoko talde feministen ordezkariek beldurragaz “ezin direla bizi” aldarrikatu zuten, Etxerako bidean, ez dut ausarta izan nahi, askea baizik lelopean.
“Onartezina”. “Emakume guztien kontrako eta herri osoaren kontrako erasoa da”, esan zuen Idurre Bideguren Bermeoko alkateak. “Emakumeak bigarren mailako pertsona moduan jotzen dituztenari, argi esaten diegu: sistema patriarkalak ez ditugu onartez, eta berdintasun falta horrek gaur bizi dugun moduko egoeratara eramaten gaitu”.
Alkateak erasoa gaitzetsi du, “emakumeen aurkako indarkeria genero desberdintasunen adierazpen larriena” dela aldarrikatuz. “Emakume izate hutsagatik beldurrez bizitzea onartezina da eta aske bizitzeko eskubidea guztiok ozen aldarrikatu nahi dugu”.
Talde feministen ordezkariek martxoaren 8ko greban parte hartzeko deialdia eginez bukatu zuten: “amantalak eskegi balkoietan eta danok kalera martxoaren 8an, gure buruaren jabe izateko, eta halako gertakariei ezetza emateko”.