Lekuek, herriko hamaika leku dantzan jartzeko prest
Seigarren urtez jarraian, kaleak musikaz eta dantzaz beteko ditu Lekuekek martxoaren 9tik 16ra arte. Jaialdi txikia den arren, musikazaleen topagunea denak estilo eta ibilbide desberdineko taldeak batuko ditu herriko hainbat tokitan.
Eklektikoa, askotarikoa, txikia eta zuzena. Merkatuaren toki nagusietatik ihes eginda, Gernika-Lumoko hamaika leku girotuko ditu Lekuek jaialdiak martxoaren 9tik 16ra bitartean. Udalerriak musikarekiko daukan «bizitasuna» bultzatzeko sortu zuten jaialdiak seigarren urtea beteko du aurten.
Herritik sortutakoa da, herrira egokituta dagoena. Hala, udalerriko elkargune ezberdinetan sormen handiko adierazpen eta interes artistikoei leku egitea bilatu dute antolatzaileek. Gernika-Lumoko musikaren aterpe nagusiak dira Astra, Iparragirre, Trinkete eta Lizeo, baina tabernek ere badaukate lekua.
Iaz, bunkerra estreinatu zuten, eta, aurten, La Vegako Arrate estudioa da berritasuna. Indira Garcia Lekuekeko antolatzailearen berbetan, leku bezala lehenengoz sartu da aurten jaialdian, “eurena ere proiektu berria delako”. Arraten ikus-entzunezko proiektua aurkeztuko dute bertan. Ondoren, Birkit eta Eneritz Furyak kontzertua eskainiko dute. Garciak azaldu modura, estudioan bertan zuzenean grabatuko dituzte bi emanaldiak.
Zirraragarria eta sutsua, korala eta harmonikoa. Jendeak beste jaialdi batzuetan ikusi ezin dituen taldeez gozatzeko aukera ematen duen jaialdia. Horrelakoa da Lekuek.
Aurten ere, musika eskaintza zabala prestatu dute, eta espazio bakoitzaren izaeragaz bat datozen kontzertuak eskainiko dituzte: “Taberna bakoitzak bere irizpidea jarraituko du. Eta leku nagusiek ere beraien estiloa errespetatuko dute. Iparragirren blusa egongo da, Lizeon, hirugarren urtez, flamenkoa, eta Astran eta Trinketen, berriz, rocka; rock alternatiboagoa edo popagoa, bakoitzaren entzuleen araberakoa”.
Guztira 25 talderen abestiak entzungo dira zuzenean, eta horien artean badaude herrikoak direnak ere. Laukatu, Belatz eta Primeros Auxilios ariko dira oholtza gainean. “Gertukoei lekua egiten saiatzen gara, baita hain ezagunak ez diren taldeei ere. Eurak agertokira igotzea eta ezagutzera ematea bilatzen dugu”, aitortu du Garciak.
Indira Garcia: “Arrate estudioa lehenengoz sartu da aurten Lekuek jaialdiaren barnean”
Zuzeneko musikaz harago. Merkatuko toki nagusietatik kanpo dago Lekuek. Hala, estilo eta adin guztiei zuzendutako programazioa osatu dute. Jaialdiaren formatuak bere horretan jarraituko du. Asteburuetan zuzeneko musika emanaldiak izango dira protagonista, eta astean, berriz, ekintzak.
Aurten lehenengoz egingo dute Gau Senegaldarra martxoaren 11n: “Mahai ingurua, tailerra eta dokumentala ez dira produktu berriak, baina bai gaia”. Mahai inguruan rap musikari senegaldar batek parte hartuko duela dio Garciak: “Skype bidez parte hartuko du, eta teknologien erabilera hori landuko dute mahai inguruan: Internet bidez mezua edonorengana hel daitekeela, baina pertsona ez”.
Adin eta gustu mota guztietarako egitaraua osatu dute, eta herriko txikientzako tailer bat egitea ezinbestekoa ikusi dute. “Azken egunean perkusio tailerra antolatu dugu txikienentzat. Gero, familian, swing poteoa egiteko aukera ere edukiko dute Juan Caltzada kalean”.
Disko azoka berriz egingo dute aurten, iazkoa “oso ondo” joan zelako. “Jende askoren mugimendua ikusi zen tabernetan zehar”, aipatu du Garciak. Martxoaren 10ean egingo dute. Binilo sesioa, berriz, martxoaren 16an egingo dute. San Juan Ibarran jarri dute hitzordua.
Bonoak. Astebete falta da jaialdia hasteko, eta bonuek salgai jarraitzen dute oraindik. Salmentei erreparatuz, bonuen aurre salmentak iazkoaren antzekoak dira, eta Garciak aitortu du bakarkako sarreretan “denetarik” dagoela. Antolatzaileek iaz beste jende batzea espero dute.
Bigarren asteburuan, gainera, kamisetak zuzenean serigrafiatuko dituztela jakinarazi dute: “Norberak nahi duen kamiseta aukeratu eta gustukoen duen logoa jarriko dio; barikuan Iparragirren eta zapatuan Astran”.
Jaialdiaren atzean musikarenganako “izugarrizko maitasuna eta gogoa” dago, eta egindako lana aitortu gura diete antolatzaileek parte hartu dutenei.
Jaialdiko egitaraua ikusteko, sakatu hemen.