Garbiñe Delgado Raack: "Gizonezkoak etxeko lanak eta zaintza lanak egitera deitzen ditugu"
Emakumeen Nazioarteko Eguna antolatzen dabiltzan emakumeen sarekoa da Delgado. Berdintasunaren arloko diagnosia egitea erakundeen betebeharra dela deritzo, eta Busturialdean horrelakorik ez egotea "gabezia garrantzitsua" da berarentzat.
Iaz lau orduko etenaldia deitu zen. Aurten zergatik egun osokoa?
Iazko deialdia, printzipioz, greba egitera zuzenduta zegoen. Antolaketa eta denbora beharrizan handiagoak suertatu zitzaizkigulako luzatu zen azken baten lau orduko etenaldia egiteko proposamena. Aurten, aurreko urtean salatu nahi ziren gai berekin jarraituz, Emakumeen Eguna erabili nahi da emakumeok egiten ditugun bai soldatapeko zein soldatarik jasotzen ez dituzten lan guztiak ikustarazteko. Horregatik, 24 orduz, emakume guztiak lan horiek bertan behera uztera eta kaleak hartzera animatzen ditugu. Greba feministak bizitzako esparru guztiei aurre egiten die: indarkeriari, parekidetasun ezari, prekarietateari, sexualitate eredu hegemonikoari, lanen sexuaren araberako banaketari, kontsumo ereduari, familia patriarkalari, jakintzen hierarkizazioari, arrazakeriari, edertasun kanonari eta zapalkuntza guztiei…
Iazko erantzuna erabatekoa izan zela ikusita, aurten zer nolakoa espero duzue?
Iazko erantzunak aurtengo proposamenak erantzun positiboa izan dezakeela pentsatzera garamatza. Aurrelanketa lanetan gaudela, hala ere, zenbait sektoretan, merkatariena, esaterako, egun osoko greba egiteko zailtasunak jartzen direla ikusi dugu. Bestalde, egunero emakumeongan erortzen diren zaintza lanak ere 24 ordu horietan ez egitera deitzen gabiltza, eta jakin badakigu emakume askok ez dutela bestelako alternatibarik izango. Beraz, egun horretan ere zaintza lan horiek bere gain hartu beharko dituzte, sistema bezala ez dagoelako emakume zaintzale horientzat alternatibarik. Martxoaren 8 honetarako egiten dugun proposamenak hori guztiori azaleratzea espero dugu.
Busturialdean zer nolako mobilizazioak egingo dira?
Gernika-Lumoko Sare Feministatik herrirako egitarau bat prestatzen gabiltza, nahiz eta beste herriekin eta asanblada nazionalagaz ere koordinatzen garen. Azken horrek proposatuta, 12:00etan eta 19:00etan egingo dira mobilizazio zein manifestazio nagusiak, herri guztietan. Gernika-Lumon, aldiz, martxoaren 7rako dagoeneko hainbeste ekintza prestatzen gabiltza. Astran gaubela bategaz bukatuko dugu bezpera, eta denok batera greba egunari hasiera emango diogu gauerdian. Martxoaren 8rako, aldiz, egun osoko ekintzak aurreikusi ditugu, herriko espazio desberdinetan landuko ditugunak. Kaleak hartzea da gure helburua.
Gizonezkoek nola lagundu ahal dute?
Gizonak euren tokia hartzera deitzen ditugu: toki hau etxeko eta zaintza lanetan dago. Emakumeak greban egongo garenez, gizonak dira horietaz arduratu beharko direnak. Beraz, euren lehentasuna zaintza lanak antolatu eta egitea izan beharko litzateke, ez mobilizazioetan parte hartzea. Gainera, Martxoak 8an ez dugu kapitalaren erreprodukziorako jarduerarik nahi. Horregatik, greba babestu nahi duten gizonak soldatapeko lana norberaren eginkizunetarako egunak erabiliz uztera eta negozio propioa daukatenek ateak ixtera deitzen ditugu.
Antolaketa prozesuan zer nolako parte hartzea egon da?
Antolaketa prozesuan 30 bat emakume ibili gara; bakoitza bere egoerak uzten zion heinean inplikatu da. Oso lan desberdinak egin behar izan ditugu: komunikazioa, harremanak bestelako herriko egitasmoekin, egitaraua antolatu, materiala lortu eta abar. Eta horretan profil desberdinetako emakumeok buru-belarri lan egin dugu. Barikuro batu izan gara Astran, asteko lanak banatu, aurrelanketa zein eguneko egitarauaren inguruan lortzen genituen aurrerapausoei jarraipena emateko.
Busturialdeari dagokionez, berdintasun arloan zer nolako analisia egiten duzue?
Lehenik eta behin, analisi horrek berdintasun edo berdintasun ezaren egoeraren diagnosiari erreferentzia egin nahi baldin badio, Busturialdean horrelakorik ez dago, eta herri askotan ere ez. Eta, batez ere, analisi hori erakundeen betebeharra da. Beraz, gure analisia da gabezia garrantzitsua daukagula, diagnosi baten faltan gaudelako. Bestalde, eta orain arteko mugimendu feministei esker, gauzak aldatzen joan direla onartzen dugu, oraindik ere emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko aurretik bide luzea badaukagu ere.