Euskal emakume hautetsiek bat egin dute martxoaren 8ko deialdiagaz
Euskal Emakume Hautetsien III. Batzarrak martxoaren 8ko mobilizazio eta deialdiagaz bat egin du gaur. Gainera, neskatoentzat gaur egungo erreferente diren hainbat arloko lau profesional omendu dituzte.
Emakume eta gizonen arteko benetako berdintasunaren alde egiteko Euskal Emakume Hautetsien III. Batzarra egin dute gaur eguerdian Gernika-Lumoko Batzarretxean. Hirugarrenez, egoitzako jarleku guztiak bete dituzte alderdi politiko eta sentsibilitate guztietako 200 emakume baino gehiago, eta martxoaren 8ko deialdiagaz bat egiten dutela adierazi dute.
Bizkaiko saioak hasteko mendeetan zehar entzuten den adar hotsa entzun ostean hasi dute batzarra gaur. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusien presidenteak esan duenez, egun garrantzitsua da gaurkoa: “Emakume hautetsiek politikan eta gizartean daukagun protagonismoa hobeto erakusten dugu gaur”. Azken urtetan egin den batzarraren garrantzia azpimarratu osetan, bertan “ideologia eta ibilbide desberdinetako emakumeak” berriz elkartu direla esan du.
‘Bizitzak erdira’ deitzen den adierazpen instituzionala onartu dute hautetsiek. Horretan, emakumeen lan arloko prekarietatea eta pobrezia salatzeko, indarkeria matxista mota gutzien kontra borrokatzeko eta bazterketa eta arrazismoa gaitzesteko beharra azpimarratzen da. Hala, emakumeek jasatzen dituzten zapalketa eta bazterketa sistema guztiak desagertzeko neurri zehatzat proposatzen ditu: Benetako berdintasun eraginkorra bermatuko duen politika publikoak aurrera eramateko erantzukizuna hartzea, beraien politika publikoen erdigunean zaintza politikak jartzea, eta martxoaren 8an udaletako langileen eta hautetsien greba eskubidea erraztea.
Omenaldia. Gaur, gainera, Maribel Arriortua Markaida zientzialaria, Izaro Andres Zelaieta artista, Adela Andikoetxea Ugarte baserritarra eta Lourdes Moreno Zabala ekintzailea omendu dituzte; lan azpimarragarria egin duten lau emakume profesional.
Arriortuak eskerrak eman ditu beretzat “ohorea, poza eta erantzukizuna” den omenaldia jasotzeagatik: “Batzuetan bakarrik sentitzen gara mundu profesional lehiakor honetan, eta aintzatespen honek besarkada eta maitasuna ematen digu”.
Izaro Andres Zelaieta kantautoreak bizitzari, emakume izateari eta musika panoramari buruzko gogoeta egin du. Esan duenez, musikaren munduan emakumeek aurkitzen duten lehenengo hesia generoarena da: “Zenbat gizonezko ikusi ditut jende aurrean gauzak txarto egiten agertoki gainean? Asko. Eta zenbat emakume ikusi ditutu txato abesten? Pentsatzen geratu nintzen eta erantzuna argia da: bat bez. Holan goaz. Musika eskolak emakumez beteta, eta agertokiak emakume barik”.
Adela Andikoetxeak nekazaritzan bidea ez dela erraza azpimarratu du. Bizitzak lurraren espezialista bilakatu du Andikoetxea, eta bidez zaila izan dela esan duen arren, lanak badaukala merezimendua esan du: “Lanaren truke 700 sari baino gehiago irabazi izanaren poza daukat”. Gainera, neskei zuzendutako aholku bat ere eman du: “Egiten dena gustuko baduzue, aurrera egin”. Esfortzuagaz eta gogoagaz beti lortzen da gura duzuna”.
Lourdes Moreno nazioarteko finantzetan aditua da, eta bere ibilbidea ez zuela planeatu adierazi du gaur. Horregatik, 5,10 edo 30 urtetan zer egin gura duten ez dakiten pertsonei pauso bat emateko eta aurrera egiteko aholkua eman die:” Zuen lanean bikaintasunaren bila lan egin eta eguneroko egitekoan pasioa bilatu behar da. Ez gara superwomanak, eta hori ondo dago”.