Domekan hasiko dute Urdaibai Kopa, Ibarrurin
Bizkaiko Mendi Lasterketen I. Ligaren bigarren proba da etzikoa, eta Urdaibai Koparen lau lasterketak daude Bizkaiko ligan. 425 pertsonak izena eman dute Ibarruriko Mendi Martxan.
Lau lasterketagaz osatu dute aurtengo Urdaibai Koparen egutegia, eta horietan lehenengoa hartuko du Ibarrurik, domekan.
Urtero legez, Ibarruriko Mendi Martxa korrikalarien zein mendigoizaleen bilgunea izango da. Astelehenan itxi zuten aurrez izen ematea, eta 425 pertsona daude izena emanda. Horietatik 200ek mendi martxa luzerako izena eman dute, 100ek laburra egingo dute eta 125 korrikalarik izena eman dute Urdaibai Koparen lehenengo proba lehiatzeko. Egunean bertan ere izena eman ahalko da, 12 euro ordainduta.
Hain zuzen, korrikalariek eta martxa luzeko partaideek 20 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta laburrekoek, berriz, 9 kilometrokoa. Saltsamendi Kultur Elkartearen ordezkariek esan dutenez, ibilbideak iazko antzekoak dira, baina, “beti egoten da aldaketa txikiren bat”.
Betiko moduan mendi martxa luzeko partaideak izango dira goiztiarrenak; 08:30ean aterako dira Ibarruriko frontoiaren paretik. 10:00etan korrikalarien txanda izango da, eta hamar minutu beranduago irtengo dira mendi martxa laburrean parte hartzen dutenak.
Bizkaiko Liga. Bizkaiko Mendi Federazioak Bizkaiko Mendi Lasterketen I. Liga antolatu du aurten.
Otsailaren 17an, Zaramilloko Apuko Igoeragaz hasi zuten liga, eta Ibarrurikoa da bigarren proba puntuagarria.
Halaber, Urdaibai Kopa osatzen duten gainontzeko hiru lasterketak ere liga barruan daude: Gernika-Lumoko Mendi Jaia (maiatzak 12) Txipiroi Mendi Lasterketa (uztailak 6, Ean) eta Gautegiz Arteagako Mendi Lasterketa (irailak 8).
Ligaren absolutu kategoriaren egutegia hemeretzi lasterketak osatzen dute (horietako lau dira Urdaibai Kopakoak).
Junior kategorian, ostera, zortzi proba daude, eta horietako bat da Gernika-Lumokoa. Maila bietan gizonezkoen eta emakumezkoen sailkapenak eta sariak daude.
Gogora ekarri dutenez, lasterketa bakoitzean izena eman baino ez da egin behar liga lehiatzeko, eta beharrezkoa da proba bakoitzean Bizkaiko federazioaren txartela aurkeztea.