XVI. Ereñoko Udala Sari Nagusia lehiatuko dute domekan
Lehendakari Torneoaren lehen proba da domekakoa. 10:30etik aurrera, txirrindulariek 100 km pasatxoko lasterketa egingo dute.
Beste urte batez, eskualdeko eta inguruko txirrindularitza zaleen topagune izango da Ereño bi asteburuz jarraian.
XVI. Ereñoko Udala Sari Nagusia lehiatuko dute domeka honetan (martxoak 3), eta hurrengo zapatuan (martxoak 9), berriz, VII. Ereñoko Master Saria. Horretan parte hartu gura dutenek www.kirolprobrak.com webgunean izena eman ahal dute, martxoaren 8a arte.
Atxoste auzoan izango ditu irteera eta helmuga domekako afizionatuen lasterketak. 10:30ean hasita, 105,4 kilometroko ibilbidea egingo dute txirrindulariek. Ispaster, Ea, Ibarrangelu, Kortezubi, Arratzu eta Nabarnizetik pasatuko dira. Ereño eta Ispasterren izango dituzte tarteko helmugak, eta Nabarniz eta Natxituako mendateak izango dira mendiko mailoterako puntuagarriak.
Ereñoko Gerandape Kirol Klubeko ordezkarien berbetan, 150-180 txirrindulari bitartean espero dituzte (200 parte hartzailetan dago muga). Beste behin, Euskal Herriko txirrindulariez gain, kantabriarrak, errioxarrak, asturiarrak edota madrildarrak batuko dira lasterketan. Hala, besteren artean, Caja Rural-Seguros RGA, Grupo Eulen, Baque Team eta Lizarte taldeetako txirrindulariek lehiatuko dute.
Lehendakari Torneoaren lehen proba da Ereñokoa. Martxoaren 9an Urretxun lehiatuko duten Goierriko Itzulia izango da torneoaren hurrengo lasterketa. Hurrengo hilabetean Laukizen (martxoak 23) eta Bergaran (martxoak 31) ere ariko dira lehian.