Laukizen podiumean sartzeko gogoz daude Murueta taldeko sokatiralariak
560 kiloko jardunaldi bakarra jokatuta amaituko du Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa, eskualdeko taldeak. Zapatuan 17:00etan hasiko dute lehia.
Murueta Sokatira Taldeak zapatu honetan (martxoak 2) Laukizen agurtuko du Euskadiko Goma Gaineko Txapelketa; 17:00etan hasiko dira tiraldiak. Pisurik baxuenean, bost talde hauek ariko dira zein baino zein gehiago: Murueta, Gaztedi, Beti Gazte, Txantrea eta Berriozar.
Bestalde, emakumezkoen taldeek 500 kiloko finala lehiatuko dute. Gaztedi, Badaiotz, Ibarra, Beti Gazte, Txantrea eta Antsoain ariko dira urrezko dominagatik borrokan. Aurreko bi jardunaldietan taldeek lortutako puntuei, Laukizkoak gehitu ondoren, argituko da zein taldek jantziko duen aurtengo txapela. Momentuz, etxean arituko diren Gaztediko neskek dituzte puntu gehien.
Murueta taldeko sokatiralariek 560 kilokoan podiumean sartzea dute helburu. “Azken pisua da guretzat, eta bost talde gaude. Beti Gazte gogor dago; orain arte irabazten egon da, eta seguru faboritoak izango direla. Gainera, 580 kilokoa da oraindik irabazi barik daukaten pisua, eta gogotsu joango dira. Bestalde, azken bi urteotan Gaztedikoek irabazi dute, beraz, bi horiek dira faboritoak”, azaldu du Jon Loizaga sokatiralariak.
Faboritoak ez badira ere, “denaren bila” aterako direla argi daukate: “Saiatuko gara goian sartzen”. Hala, zozketak ere zerikusia edukiko duela zehaztu dute.
Aurreko asteburuan, txapeldunorde geratu ziren 600 kilokoan. Gustura aritu ziren. Loizagak adierazi duenez, pisu baxuetan taldeak oso parekatuta daude: “Guk gure lana ondo egin genuen. Jakin genuen gure aukerak zeintzuk ziren, eta zeintzuk ziren gure arerioak, noren bila joan behar ginen. Gure aukerak ondo jokatu genituen eta emaitza on bat atera ahal izan genuen. Zozketak bere garrantzia dauka”. Aurtengo denboraldira arte 600 kilokoan hirugarren postua izan da lortu duten emaitzarik onena, eta oraingoan marka hori hobetu dutelako pozik daude taldekideak. “Bigarren postua 600ekoan oso ondo dago. Pisu txikietan ez da erraza hor goian egotea”.
Tiraldietan bi aldeetan irabazita, tiraldi bakoitzeko hiru puntuak eskuratu zituzten, zapatuan. Eta hori giltzarria izan zen eurentzat: “Besteetan berdinketak egon ziren. Gu tiraldi bakoitzean hiruna puntu batzen joan ginen, eta puntuak bermatuta heldu ginen azken tiraldira. Lanak eginda eta bigarren postua bermatuta heldu ginen. Hor egon zen aldea”.
Denboraldi honetan goian egotea izan da Murueta taldeko kideen erronka, eta hiru podium lortu dituzte (zilarra 600 kilotan, eta brontzea 640 eta 680 kiloetan). Hala, zapatuko saioan ere podiumean sartzea espero dute.