Herri plataformei eta Urdaibairi buruz hitz egingo dute Gernika-Lumon
Iñurri Gorrian egingo dute solasaldia bihar, 19:00etatik aurrera. Juantxo Estebaranz aktibistak, Miriam Ureta EHUko ikertzaileak eta Edorta Jimenez Zain Dezagun Urdaibai elkarteko kideak berba egingo dute.
Hordagok antolatuta, Urdaibai- ko Biosfera Erreserba eta herri plataformak izango dituzte mintzagai, bihar, 19:30an, Iñurri Gorrian; zehatz esanda, “naturaren zaintzaren iruditeriagaz bat ez datorren” eta “kutsaduraz beteta” dagoen errealitateari eta herri plataformek Bizkaian daukaten indarrari buruz ariko dira.
80ko hamarkadako euskal mugimenduez hitz egingo du Juantxo Estebaranz aktibistak. Hamarkada horretan herri mugimenduek izan zuten garrantzia eta betebeharraz arituko da. Izan ere, bere hitzetan, urte horietan eman ziren “leherketa kreatiboek eta aldarrikapenek” oraindik bizirik diraute.
Miriam Ureta EHUko ikertzaileak, bere aldetik, herri plataforma independenteak izango ditu aztergai. Uretak hurrengo foru hauteskundeetan herri plataformek gora egingo dutela uste du, “arlo lokalean sendotzen jarraituko dutelako”. Hala, antolatzaileen berbetan gutxi ezagutzen den mugimendu horretaz berba egingo du Uretak.
Herri plataforma independenteak sistemaren bitxikeri gisa hautematen direla dio Uretak, eta kasu batzuk aipatzeaz gain, Bizkaian izan duten gorakadaren zergatiak azalduko ditu. Plataformen eraginaz eta beharraz ere mintzatuko da.
Azkenik, Zain Dezagun Urdaibai elkarteko buru Edorta Jimenezek hartuko du hitza, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren egoera azaldu eta gero, Ondo etorri Urdaibai paradisuaren gezur eta iruzurretara eztabaida landuko du.
Hordago taldeko antolatzaileek herritarrak animatu gura dituzte hitzaldira joateko, eta edonork galderak egin nahi izanez gero, “pozik” erantzungo dituztela aurreratu dute.