'Atmosfera' diskoa aurkeztu du gaur Dientes de Luna taldeak
'Utopista' diskoari jarraipena ematen dion azken lana aurkeztu dute. Zazpi abestiz osatuta dago, hiruna gazteleraz eta euskaraz, eta bakarra instrumentala.
Dientes de Luna talde gernikarrak ‘Atmosfera’ deitutako laugarren lana aurkeztu du gaur Bilboko Bira Kulturan. Laukote modura hasi eta maketa bat aurkeztu zuten 2012. urtean. Gerora, hiru lan luze plazaratu dituzte, eta gaur ezagutarazi dute ‘Utopista’ diskoari jarraipena ematen dion azken lana. Martxoaren 9an estreinatuko dute lana Bilboko Azkena aretoan.
Gozatzeko asmoagaz sortu zuten taldea, eta apurka-apurka ibilbidea eginez joan dira. Zazpi kantuz osatutako lana da gaur ezagutarazi duten ‘Atmosfera’. Euskara eta gaztelaniazko hiruna abesti ditu eta bakarra instrumentala.
Aimar Cidek azaldu duenez, abesti bakoitza “ondo osatuta” egotea bilatu dute: “Beste talde batzuek hamabi abesti kaleratzen dituzte, baina gu oso buru gogorrak gara, eta abesti bat bukatutzat emateko denbora eta entsegu asko behar ditugu. Ez dira zazpi abesti, guretzako, ondo landutako zazpi abestiak dira”.
Zazpi kantu horiekin disko “borobila” osatu dutela uste dute taldekideek, eta beraien estiloari jarraitu diotela diote. “Egiten dugun estiloa rocka da, ukitu modernoekin. Disko honetan abesti batetik bestera aldaketa asko nabaritzen dira baina rocka dago oinarrian”, azaldu du Joseba Mugartegik. Hala, rocka landuz, gogorragoak eta lasaiagoak diren abestiak sortu dituzte, “baita baladaren bat ere”.
Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko koordinatzaileak diskoaren indarra nabarmendu du gaurko aurkezpenean: “Kutxa eta bonboak indar handia dute, eta horrek markatzen du diskoaren indarra. 90. hamarkadako rock eta pop aztarnak ditu, baita indi-pop musikaren kutsua ere”.
Utopista lana ekoiztu zien Jagoba Ormaetxeak, eta berak Amaiur Zugadiren ahotsa disko berrian sartzeko proposamena egin zietela aiortu dute, “beste atmosfera bat sortzeko”. Gorka Etxeberria ere taldera gehitu zen iaz, eta bere gaztetasunak bestelako “ildo eta kutsu” bat eman diola taldeari aitortu dute taldekideek. Lortutako emaitzagaz “pozik” daude.
Metaforaz betetako lana. ‘Atmosfera’ dio diskoaren izenburuak, eta hitz hori taldekideentzako “berezia” dela aipatu du Cidek: “Izenagaz jolastu nahi izan dugu, euskaraz eta gaztelanieraz berdin esaten den berba delako”.
Atmosfera berria eraiki dute, eta metaforaz beteriko kantuak sartu dituzte bertan. “Musika sortu dugun heinean, hitzak eta esaldiak garatu ditugu”, aitortu du Lander Egia taldekideak. Hala, kanten eta metaforen bitartez, jendearen egunerokoa zelakoa den eta zelan sentitzen diren aipatzen dute, “zehatz mehatz zeri buruz ari garen esan barik”. Besteren artean, irribarre gabeko ahoa zer den galdetzen du Dientes de Lunak Berandu da kantuan, eta galdera horri erantzuna bilatzeaz arduratzen dira.
‘Utopista’ lanean bat eta oraingoan hiru abesti sortu dituzte euskaraz. “Gure hasierako erreferenteak, kantuak gazteleraz egiten zituzten taldeak ziren, eta horregatik gaztelerazko kantuak sortzen genituen. Orain, baina, gure estiloa aurkitu dugu, eta gurea den hizkuntza gehiago erabiltzen hasi gara. Zergatik ez?”, azaldu du Cidek.
Aurreko lanagaz Espainian ere jo dute, eta gaztelaniazko abestiak ez ezik, publikoak euskarazkoak ere bazekizkiela azaldu dute. Hori, euskara bultzatzeko beste modu bat zela ikusi, eta euskarazko abestiak egiteko momentua “orain” dela pentsatu dute: “Gogo asko izan ditugu euskarazko abestiak sortzeko”.
Letrak sortzeko momentuan, gainera, Onintza Enbeita eta Koldo Gezuraga eskualdeko bertsolarien laguntza izan dutela esan dute aurkezpenean.
Gaur Orratz galduak abestiaren bideoklipa ere aurkeztu dute. Amaiur Zugadik bideokliparen emaitzagaz “pozik” geratu direla adierazi du, “kantuaren mezua bere horretan mantentzen duelako”.