Taraskakoek hiru zilarrezko domina lortu dituzte 18 urtez azpikoen Euskadiko pista txapelketan
Izaro Egibar, Lorea Erekatxo eta Garazi Lertxundi txapeldunorde geratu dira, zein bere modalitatean.
Zapatuan lehiatu zuten 18 urtez azpikoen Euskadiko pista txapelketa Donostian. Bermeoko Taraska Atletismo taldeko arduradunen berbetan, bertoko atletek oso emaitza onak lortu zituzten, eta egindako lanagatik zoriondu dituzte.
Hain zuzen, hiru modalitatetan podiumean sartu ziren Taraskakoak. Izaro Egibarrek (1.500m), Lorea Erekatxok (800m) eta Garazi Lertxundik (pisu jaurtiketa) zilarrezko dominak irabazi zituzten.
1.500 metroko proban, Haurtzaro taldeko Ane Etxebesteren atzetik sailkatu zen Egibar. 5:07.45 denbora egin zuen txapeldunak, eta Bermeoko atletak, berriz, 5:08.86 marka lortu zuen. CA La Blancako Nora Gonzalezek osatu zuen podiuma (5:09.16).
800 metrotan ere alde estua egon zen lehenengo bien artean. 2:23.31 markagaz nagusitu zen Hiart Ibarguren (Super Amara BAT), eta Erekatxok 2:24.18 denbora eginda lortu zuen zilarra. Brontzezko domina Atletismo Santurtzi taldeko Paula Hidalgorentzat izan zen (2:26.84). Modalitate horretan, Egibar zazpigarren sailkatu zen (2:36.45). Erekatxok luzera jauzian ere lan txukuna egin zuen; laugarren geratu zen, 4,97m-ko markagaz.
Pisu jaurtiketan, 11,70m-ko markagaz geratu zen txapeldunorde Lertxundi. Maria Felisa Nnegue izan zen modalitate horretako onena, 13,92m-ko markagaz. Durango Kirol Taldeko Sara Asenjo sailkatu zen hirugarren (10,97m).
Lertxundi laugarren postuan geratu zen jauzi hirukoitzean, 10,42m eginda. Halaber, 60m-ko hesi-lasterketan ere parte hartu zuen, eta 10,80m-ko marka egin zuen finalaurrekoan.
Bestalde, Gaizka Agirrek 400m eta 80m probak egin zituen, eta Nagore Odiagak 200m (27.03) eta 60m-koak (08.16). Hala, Urtzi Larrozeak bere marka hobetu zuen jauzi hirukoitzean eta altuera proba ere lehiatu zituen.