Muruetako zokoak ezagutzera emateko argazki erakusketa egin dute
Gune bitxi edo bereziak eta ondare arkitektonikoa duten eraikinak bildu dituzte erakusketan.
Muruetako Udalak herriko zoko ezagun edota ezkutuei balioa eman eta horiek ezagutzera emateko Murueta ezagutuz izeneko argazki erakusketa prestatu du.
Txitxiburduntzi egunagaz batera ireki zituzten Udalbarri kultur aretoko ateak erakusketari hasiera emateko. Bertan, udalerriko “gune bitxiak” eta ondare historiko eta arkitektonikoa duten eraikinak batu dituzte: Muruetako baserrietatik abiatuta, herriko iturri edota landatatik igaroz, teileria lantegiko tximinira arteko ibilbidea egiten du erakusketak, natura zein gizakiak egindako lanak bilduta.
Jabier Ondarza Muruetako alkateak zehaztu duenez, irudien bilduma domekara arte egongo da ikusgai, eta guztira 80 argazki inguru batu dituzte. Erakusketagaz batera, herritarren artean “lehiaketa txiki bat” prestatu dutela azaldu du Ondarzak.
Erakusketa aktiboa. Parte hartzaileek herriko hamar leku berezi identifikatu behar izan dituzte. Modu horretara, “erakusketa pasibo bat egin beharrean, ikusleak parte hartzera igaro eta erakusketa aktiboa sortu” nahi izan du udalak.
Irabazleak erakusketaren azken egunean, domekan, iragarriko dituztela jakinarazi dute, 12:30ean. Lekuak identifikatu dituztenen artean herriko tabernarako bi bazkari banatuko dituzte zozketa egin ostean.
Ondarza «oso pozik» azaldu da erakusketarekin lortutakoagaz. “100 bat pertsona igaro dira Udalbarri aretotik erakusketaz gozatzeko, eta 40 izan dira lehiaketan parte hartu dutenak”. Hala, Muruetak duen edertasuna agerian utzi, eta aldi berean herritarrei zein inguruko bizilagunei udalerriko txoko ezezagun eta bereziak ezagutzeko aukera eskaini diete.