Lointek Gernika Bizkaia hamar puntuko aldeagaz nagusitu da Ferrolen
Jazmon Gwathmey puertorricar jokalariak utzitako hutsunea Courtney Williams estatubatuarrak beteko duela iragarri du klubak, gaur.
Asteburu honetako Erregina Kopara konfiantzaz joateko balio dion beste garaipen bat eskuratu du Lointek Gernika Bizkaiak, Galizian. Baxi Ferroli 71-81 irabazi zion, zapatu arratsaldean.
Jazmon Gwathmey puertorricarra barik jokatu du Ferrolen. Klub gernikarrak barikuan jakitera eman zuen taldea utzi duela. Ezker orpoan min hartu zuen, eta ebakuntza egingo diote. Hegaleko pibota taldeko zutabeetako bat izan da denboraldi honetan; batez beste 12,8 puntu eta 5,4 errebote lortu ditu. Hala, jokalari garrantsitzu horren hutsunea betetzera dator Courtney Williams eskolta estatubatuarra. Klubak gaur iragarri du haren fitxaketa.
Williams azkar egokitu beharko da taldera. Mario Lopez Lointeken entrenatzailearen berbetan, jokalari azkarra da: “1 eta 2 posizioak txandakatu ditzake. Bere saskiratzeak sortzeko gai da, eta Blake eta Jazmon joan direnetik taldeak hori galdu du. Espero dut taldera arin egokitzea; jokalari ona da eta halako jokalariak ondo egokitzen dira”.
Estatubatuarrak Italiako Dike Napoli de la Serie A1 taldean jokatu du (16,3 puntu eta 8 erreboteko batezbestekoagaz). Taldea Gabonetan desegin zuten. Aurretik, WNBAko Connecticut Sun taldean pisu handiko jokalaria izan zen.
MVP. Bestalde, Kam Nacickaite jokalari lituaniarra izan da Dia Ligaren 21. jardunaldiko jokalari onena. Hain zuzen, denboraldi honetan, MVP titulua jasotzen duen Lointekeko lehena da.
Ligako zortzi jardunaldi daramatza Lointekegaz, eta 30 puntugaz eman diote jokalari onenaren saria. Ferrolgo partiduan 25 puntu egin zituen.
5 jardunaldi. Hain zuzen ere, Erregina Kopa jokatu ostean, ligaren azken txanpari aurre egin beharko diete Emakumezkoen Ligaren taldeek. Bost jardunaldi gelditzen zaizkie liga amaitzeko.
Gaur gaurkoz, sailkapenaren hirugarren postuan tinko mantentzen da Lointek Gernika Bizkaia, 37 puntugaz. Lau puntura ditu Girona eta Avenida.