Gernika ATko atletek maila ona erakutsi dute Espainiako taldekako kros txapelketan
"Kirol arloan zein maila pertsonalean" bizitako esperientzia "ahaztezina" izan dela nabarmendu dute taldekideek.
Espainiako Taldekako Kros Txalpelketa lehiatu dute asteburuan Jaengo Linares herrian, eta Gernika Atletismo Taldeko neska-mutilek maila ona eman dute bertan.
La Garza Kirol Parkean batu dira espainiar estatuko 50 talde. Gernika-Lumoko taldetik, juniorren (20 urtez azpikoak) mutilen taldeak, gazteen (18 urtez azpikoak) nesken taldeak lortu zuten txapelketa jokatzeko txartela.
Hain zuzen, nesken taldea aurrenekoz sartu da Espainiako finalean eta debutean dotore ibili dira sei parte hartzaileak. Espainiako 43. talde onenaren saria ekarri dute etxera lehenengo lau taldekideen postuak (puntuak) batu ondoren. Mutilak, berriz, 30. postuan sailkatu dira. “Gernikako atletismo taldeak inoiz lortutako markarik onena da”, adierazi dute taldeko arduradunek.
Atleta, entrenatzaile, guraso eta zaleez osatutako 50 lagunetik gorako taldea bariku arratsaldean abiatu zen bertara autobusez. Bi egunen ostean, pozarren etxeratu ziren atzo, “bizitako esperientzia ahaztezina izan delako, kirol arloan zein maila pertsonalean”.
Halaber, Gernika-Lumoko Udalak eskainitako babesa eta herriko hainbat kirol taldek emandako animoak eskertu eta nabarmendu dituzte taldekideek.