Zuhaitz Eguna ospatu dute mendatarrek
Goizean, Kalbariora hurbildu dira zuhaitz berriak landatu eta aurreko urteetakoak bisitatzeko. Eguerdian, berriz, Txitxiburduntzia egin dute, Elexalden.
Aretxak, pagoak eta bestelako zuhaitzak landatu dituzte goizean mendatarrek. Azken urteetako ohitura zintzo bete dute oraingoan ere. Elexalden batu dira, eta 11:00ak aldera Kalbarion egin dute landaketa saioa. Aitzurrak hartuta, gustura aritu dira, batik bat umeak.
Eguerdian, berriz, Elexaldeko Taberna Barriren aurrean izan dute hitzordua. Lehendabizi, taloak egiten aritu dira, fin-fin, eta ondoren, txistorrak zotzetan sartu eta erre ostean, dastatzeko ordua heldu zaie.
Eguraldi bikaina lagun, eta giro apartagaz, familian goiz eta eguerdi pasa ederra egiteko aitzakia izan dute beste urte batez.