Murueta txapeldunorde, 600 kilokoan
2019ko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketan, 600 kiloko finala jokatu zuten gizonezkoen taldeek atzo arratsaldean, Bilboko Txurdinaga auzoko kiroldegian. Beti Gazte talde nafarrak jantzi zuen txapela.
Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketan, kategoria guztietan goian egotea da aurten Murueta taldeko sokatiralariek duten erronka, eta horretarako ahalegin betean ari dira.
Hala, atzo arratsaldean Bilboko Txurdinaga auzoko kiroldegiak hartu zuen gizonezkoen 600 kiloko finala, eta Busturialdeko taldea bigarren sailkatu zen.
Beti Gazte, Ñapurrak, Gaztedi, Murueta, Ibarra eta Berriozar taldeek lehiatu zuten finala, eta Beti Gazte talde nafarra nagusitu zen. Talde nafarragaz eta bizkaitarragaz batera, Ibarra talde gipuzkoarrak osatu zuen podiuma.
Bestalde, emakumezkoek 500 kiloko bigarren jardunaldia izan zuten jokoan. Gaztedik eta Badaiotzek 5,5 puntu lortu zituzten, eta Ibarra hirugarren geratu zen, 4 puntugaz. Beraz, lehenengo eta bigarren jardunaldietako emaitzak batuta, puntu gehienekin Gaztedi sailkatu da finalera: 11,5. Puntu bat gutxiago du Badaiotzek. Ondoren, seina puntugaz daude Ibarra, Txantrea eta Beti Gazte. Antsoainek bi puntu batu ditu bi jardunaldietan.
Laukizen. Hurrengo zapatuan (martxoak 2) Laukizen bat egingo dute gizonezkoen zein emakumezkoen taldeek. Hain zuzen ere, neskek 500 kiloko finala lehiatuko dute, eta mutilek, ostera, 560 kiloko jardunaldi bakarra jokatuko dute bertan. Bost talde hauek ariko dira zein baino zein gehiago: Murueta, Gaztedi, Beti Gazte, Txantrea eta Berriozar. 17:00etan hasiko dira lanean.
Martxoaren 9an agurtuko dute goma gaineko txapelketa, Gabirian. 580 kiloko jardunaldi bakarra egingo dute, mutilen eta nesken talde mistoek. Zazpi taldek parte hartuko dute azken jardunaldi horretan: Gaztedi A, Gaztedi B, Ibarra, Beti Gazte, Antsoain, Berriozar eta Bizindar.