Talde lanak saria dakarrenean
Gernika Atletismo Taldeko bi taldek Espainiako taldekako kros txapelketa jokatuko dute asteburuan, Andaluzian. Esperientziagaz gozatu asmoz, maleta bete ilusioz egingo dute bidaia.
Pausoz pauso, zapatilak apurtzen eta markak hausten egin du ibilbidea Gernika Atletismo Taldeak. Taldekideen markak hobetzeaz harago, taldeak berak lortutako markengatik nabarmendu da. 2014ko udan hamabost lagunek hasitako abentura erreferentziazko taldea bihurtu da udalerrian.
Talde sendoa osatu dute. Apurka-apurka partaideak gehitzen joan dira, eta, gaur gaurkoz, 150 atletek daukate taldeagaz fitxa. Markak hautsi izanaren hamaika adibide dituzte, eta horietako bat da 18 urtez azpikoen nesken taldeak lortutakoa. Izan ere, klubaren historian lehenengoz, Espainiako Kros Txapelketarako sailkatu dira.
Asteburuan Andaluzian daukate hitzordua. Jaengo Linares herrian lehiatuko dute Espainiako Kros Txapelketa. Gaur bertara bidaiatu, eta domeka goizean daukaten onena ematera aterako dira. “Saria hor egotea da. Batzuk bere helburuak dituzte, baina, talde lana da hau. Helburua gozatzea izango da, eta ahalik eta ondoen pasatzea”.
Taldekako lasterketa egingo dute; seina mutil eta neskak. Mutilak juniorrak (20 urtez azpikoak) dira, eta neskak, berriz, gazteak (18 urtez azpikoak). Hala ere, taldekide denek bidaiatuko dute bertara. “Lau bat lehiatu gabe geratuko dira, baina, denak doaz. Orain arte txapelketa guztietan parte hartu dute, beraz, hasieratik argi eduki dugu taldeko denak joango direla”, azaldu du Asier Odriozola entrenatzaileak.
“Saria hor egotea da. Helburua gozatzea eta ahalik eta ondoen pasatzea izango da”
Negu guztiko lanaren fruitua da honakoa. Izan ere, denboraldian neska-mutilak ez dira podiumetik jaitsi. Mutilen taldea Bizkaiko txapelduna eta Euskadiko txapeldunordea da. Neskak ere goi-goian aritu dira; Bizkaiko zein Euskadiko Txapelketetan brontzezko dominak eskuratu zituzten. “Txapelketetan goian mantendu dira, eta, orain, gozatzeko momentua da”, azpimarratu du Odriozolak.
Espainiako 50 talde La Garza Kirol Parkean elkartuko dira. Onenen artean egotea ohorea dela badakite, baina egindako lanaren emaitza da azken finean. Hain zuzen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik hiru talde doaz. Gernika-Lumoko taldeaz gain, Goierri eta Laudio sailkatu dira. “Nesketan hiru talde gara, Goierri, Laudio eta hirurok, eta mutiletan, Goierri eta biok”.
Helburua beteta
Mutilen berbetan, denboraldi hasieratik izan duten helburua Espainiako Txapelketara joatea izan da. “Denboraldi hasieratik hau prestatzen egon gara. Euskadikoan ondo aritu garenez, lortu dugu Espainiako Txapelketarako sailkatze”. Hala, lehia hutsa baino, sari moduan hartu dute txapelketan egotea.
Maila handia egongo dela badakite. Iaz ez zuten sailkatzerik izan, baina esperientzia badute.
Askok errepikatu egingo dute; hirugarren eta laugarren aldia da zenbaitentzat: “Bat izan ezik beste denok egon gara. Batzuk ohituta daude. Lehen aldiz urduri zoaz, baina orain badakigunez zer den, lasaiago goaz”.
Aurreko urteagaz alderatuta, orokorrean, askoz ere indartsuago daudela nabarmendu dute: “Klubeko errekorra hobetzeko aukera daukagu; bakarka ere marka politak egitea espero dugu”. Orain dela bi urteko denbora hobetzea izango dute beraz, erronka. Orain arte erakutsitako maila ona ematea da euren helburua. Iaz arazo batzuk izan zituztela azaldu dute, eta, aurten, ostera, oso ondo ikusi dira. “Denok heldu gara sasoi onean amaierara”.
Ezustekoa
Neskek, ostera, ez zuten espero Espainiakora joatea, eta parte hartuko zutela jakin zutenetik “pozik eta motibatuta” aritu dira entrenatzen. “Harro gaude lehenengo neskak izateagatik”.
Hemendik aurrera ere hankek ez dute etenik izango. Lasterketa herrikoietan zein pistako probetan arituko dira. “Pistako txapelketetan sartuko gara buru-belarri, bakarka zein taldekako probetan. Batzuk hasi dira; pista estalia egin dute urte hasieratik, eta beste batzuk krosean murgilduta egon dira. Orain denak sartuko dira pistara, eta bakoitzak bere modalitatea topatuko du, distantzia luzeagoan edo laburragoan”.
ATLETAK:
- JUNIORRAK (20 azpikoak)
-Aitor Asturias
-Ibai Musatadi
-Unai Lobato
-Dani Jauregi
-Ibon Malaxetxebarria
-Ager Badiola
-Aitor Lafuente
-Ibon Etxebarria
-Mustaf Hejjou - GAZTEAK (18 azpikoak)
-Nile Ordeñana
-Iara Auzokoa
-Oneka Zulueta
-Paule Zugaza-Artaza
-Getari del Val
-Lucia Aretxederreta
-Uxue Zabaljauregi
-Olatz Baraiazarra