Audiencek Nick Cave artistaren omenezko lan batean parte hartu du
Audience musika talde gernikarrak Nick Cave artista australiarraren omenezko bilduma lan batean parte hartu du. Hainbat talde eta artistarekin batera, dagoeneko formatu digitalean entzun daitekeen bilduman biltzen den abesti baten moldaketa egin du taldeak. Hain zuzen, Nick Cave & The Bad Seeds-en Fifteen feet of pure white snow kanta moldatu eta euskaratu dute. Taldeko kide Gaizka Insunzak azaldu duenez, diskoan parte hartzeko gonbidapenak ezustean harrapatu zituen taldekideak. «Mexikon sortu den iniziatiba bat da eta 2017. urtean jarri ziren gurekin harremanetan. Guri asko gustatzen zaigun artista da Nick Cave, eta Mexikoko diskoetxe batek bere abestiaren bertsioa egiteko eskatu zigunean ideia polita iruditu zitzaigun».
Nazioarteko taldeen kolaborazioa biltzen du Nick Caveren omenezko lanak, eta diskoak izango duen zabalkundea kontuan hartuta, abestiaren moldaketa euskaraz egitea polita litzatekeela pantsatu zuten. «Guk inglesez abesten dugu gehienbat, baina pentsatu genuen ekarpen interesgarria izan zitekeela abestia euskaratzea.
Laguntzarekin. Horretarako, Ekaitz Goienetxearekin kontaktuan jarri ginen. Berari ere Nick Cave asko gustatzen zaio eta berak euskaratu zuen abestia». Grabazioa bere kabuz egin du taldeak. «Gure lokalean eta gure bitartekoekin egin dugu, baina alde teknikoarekin Ander Barriuso arduratu da».
Emaitzarekin pozik da taldea. «Badakigu oihartzun handirik ez duela izango, baina gure eguneroko lanean parentesi bat egin dugu. Horrelako proiektuetan parte hartzea polita da; are gehiago ikusita kanpoko jendeak kontuan hartzen zaituela. Harrotasunez betetzen gaitu».