Elkarlanean, eskualdeko ekintzailetza bultzatzeko laguntzak emango dituzte Gernika-Lumoko Udalak eta Lanbidek
Aurten 12.875 euro emango dituzte eskualdean. Laguntza jasoko duten pertsonek beraien ideia enpresariala garatzeko erabili beharko dute, eta banatuko duten gutxieneko kopurua 1.000 eurokoa izango da.
Gernika-Lumoko Udalak Lanbide Enplegurako Euskal Zerbitzuagaz elkarlanean, Busturialdeko ekintzaileei laguntzak emateko deialdia ireki berri du. Guztira, aurten, 12.875 euro banatuko dituzte eskualdean.
Udalerriko eta inguruko ekonomia hasi eta garatu dadin, ekintzailetzak duen dinamisazioa “ezinbestekoa” dela uste dute Lanbidek eta Gernika-Lumoko Udalak. Hala, eskualdeko ongizatea bultzatzeko ekintzaleei beraien ekintzailetza prozesuan laguntzea “beharrezkotzat” ikusi dute. Helburu hori ardatz hartuta, diru laguntzak emateko deialdia zabaldu berri dute.
Laguntza horiekin ekintzaileei ideiak sortzen laguntzea espero dute, “gero horiek balioan jarri eta burutu daitezen”. Ideiak sortzeko orduan eragiteaz ezeze, ideia burutzeko sasoian ere eragin gura dute arduradunek: “Ideiak definituta daudenean eta bideragarriak direnean, horiek martxan jartzen lagundu gura dugu”. Diru laguntzez gain, Lanbide Ekimenak Zentroak aholkularitza zerbitzuak emango dizkie parte hartzaileei.
Balio irizpideak. Arduradunek zehaztu dutenez, oraingo honetan, gazteen jardunari emango diote arreta berezia. Izan ere, 30 urte baino gutxiago dutenei eta emakumezkoak diren ekintzaileei diru laguntza handiagoak emango dizkiete, “balio irizpideetan puntuazio handiagoa emanda”.
Ideia enpresarialak garatzen laguntzeko banatuko duten gutxieneko kopurua 1.000 eurokoa izanfo dela zehaztu dute arduradunek. Gainera, 18 eta 30 urtera bitarteko gazteek eta emakumezkoek kopuru hori baino %15 gehiago jasoko dutela jakinarazi dute.
Halaber, proiektu enpresarialak martxan jartzeagatik emango duten gutxieneko kantitatea 1.500 eurokoa izango da, eta kasu honetan ere, diru hori baino %15 gehiago jasoko dute gazteek eta emakumeek.
Izen ematea. Ekimen honetan parte hartu gura duten ekintzaile guztiek Gernika-Lumoko Lan Ekimenak zentroan aurkeztu beharko dituzte eskabideak –Alhondiga kaleko 6. zenbakian–. Bertara hurbildu ezin duenak, berriz, www.lanbide-ekimenak.eus helbide elektronikora idatzita edota hurrengo telefono zenbakira deituta aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak: 64 625 57 58.