Bermeotik Lezamara, ilusioagaz jokatzera
8 urte zituenetik iazko denboraldira arte Bermeo Futbol Taldean aritu da Joana Gonzalez Jodar Athelticeko jokalaria. Bermeotar gaztetxoak ilusioz bizi du futbola, eta bere amets nagusietako bat lehen taldean jokatzea dela nabarmendu du.
Iraia Iturregi, Irene Paredes, Erika Vazquez, Yulema Corres, Garazi Murua, Lucia Garcia, Eunate Arraiza, Damaris Egurrola arteagarra… futbolean kristalezko sabaia hausteko lan egin eta lanean jarraitzen duten izenetako batzuk dira. Aurreiritzi asko gainditu dituzte, eta bidenabar, futbola euren pasioa dela argi utzi dute.
Athleticen kategoria guztietan mutilen hamaika talde daude, emakumezkoetan, ostera, lau: lehen taldea, B taldea, kadeteak eta txikiena. Azken horretan ari da Joana Gonzalez Jodar (Bermeo, 2006). 4 urtegaz, herriko futbol eskolan hasi zen, eta ordutik ez du baloia hanketatik kendu.
Iazko denboraldira arte Bermeo Futbol Taldean jokatzen zuen, mutilekin. Denboraldi honetan, baina, salto handia eman du. Bizi duen esperientziagaz pozik dago, eta lehen taldera ailegatzea da bere ametsa. Dioenez, lehen taldean dauden jokalari denak erreferente dira beretzat.
Herriko taldetik Athleticera joan den lehen neska da. Harro egoteko moduko urratsa eman du, eta herrian askok eta askok zoriondu dute. 8 urtegaz hasi zen Bermeo Futbol Taldean. “Lezamara entrenatzen joateko deia jaso genuen. Aurreko denboraldian sei hilabetetan egon nintzen han eta hemen entrenatzen”, azaldu du bermeotarrak.
Hain zuzen, iaz, denboraldi erdian joan zen lehenengoz Lezamara, “oso urduri”. Teknifikazioa egin behar izan zuen sei hilabetez; astean behin joaten zen bertara. Orain, berriz, astean hiru egunetan entrenatzen du Lezaman.
Duela bi urte Bizkaiko Selekzioagaz jokatu zuen Gonzalezek, eta iaz Euskadiko Selekzioagaz jokatzeko aukera eduki zuen. “Orduan sortu zen aukera; herriko klubera deitu zuten, eta teknifikazioagaz hasi zen. Bertan, astean behin entrenatzen zuen, eta, horrez gain, Bermeogaz entrenatu eta liga lehiatu zuen”, azaldu dute gurasoek.
Alde handia
Aldaketa itzela dela aitortu du, baina oso gustura dago. Entrenamenduak gogorragoak dira, eta herrian mutilekin jokatzetik, taldekide denak neskak izatera pasatu da. “Aldageletan ere igartzen da. Hemen bakarrik nengoen. Askotan ez zegoen neskentzat aldagelarik, eta epaileen aldagela erabiltzen nuen, edota beste batzuetan mutilek amaitu ostean sartzen nintzen”.
Erdiko jokalaria izan da Bermeo FTn; orain, Athelticegaz, eskuin hegaletik jokatzen du: “Bietan nago gustura; berdin zait non jartzen nauten. Hemen futbol 7ra jokatzen genuen, eta han 11 gara”.
Bermeo Futbol Taldetik Athleticera joan den lehenengo neska da
Mutilen liga lehiatzen dute. Sailkapenaren erdialdean daude, eta lehiakor ari direla zehaztu du. Taldean familia txiki bat osatu dute, eta oso eroso sentitzen da. Giroa guztiz desberdina dela nabarmendu du. Halaber, nazioarteko taldeen kontra jokatzeko aukera ere eman dio. “Denboraldi-aurrean hainbat sariketetan parte hartu genuen. Mallorkan, esaterako, Milango Inter bezalako talde handien kontra aritu gara. Aldaketa handia izan da”. Halaber, aipatu bi selekzioekin bizitako esperientziak ere asko gustatu zitzaizkion: “Euskadikoagaz Murtzian egon ginen, San Pedro de Pinatarren, eta Bizkaikoagaz, Burgoseko Miranda de Ebron”.
Herriko institutuan ikasten du, eta lagunen zein ikaskide eta irakasleen babesa sentitzen duela azpimarratu du. «Irakasle berriren bat datorrenean, denek esaten diote Athleticeko jokalaria naizela”, dio barrez.
Ikasteko edota bestelako gauzetarako denbora gutxiago duen arren, ondo antolatuta dena egin daitekeela dio. “Orduak ondo aprobetxatu eta antolaketa ondo egitea da kontua. Denetarako denbora dago”. Futbolean jokatzen ez ezik, partiduak ikusten ere asko gozatzen du bermeotarrak. Nesken zein mutilen lehen taldeetako partiduetara joaten da Lezamara eta San Mamesera.
Lezaman askotan topo egin du bere erreferente diren emakumeekin. “Teknifikazioa egin nuenean, eurekin egon nintzen. Lesioren bat dugunean ere gimnasioan topatzea ohikoa da. Batzuetan entrenatzaileak helburu bat jartzen digu, eta, betez gero, ezusteko moduan lehen taldeko jokalariren bat ekartzen digu”.
Aitziber Juaristi Tzibi lehen taldeko jokalari izandakoagaz entrenatzen dute. Hark zein gaur egungo jokalariek hainbat aholku eman dizkiete, baina, batez ere, asko gozatzea gomendatu diete. “Urduri ez egoteko, presiorik ez sentitzeko eta dakigun moduan jokatzeko esaten digute. Entrenatzeko, ondo pasatzeko eta gozatzeko gaudela azpimarratzen digute”. Apurka-apurka eta momentuaz gozatzen ari da. Argi dauka Lezaman ematen duen denbora ematen duela, asko ikasiko duela dio.
Bizkaiko zein Euskadiko selekzioekin jokatu du bermeotarrak
Klubagaz duten harremanagaz pozik daude gurasoak. Arreta handia eskaintzen diete, eta ondo zaintzen dituzte. “Notak kontrolatzen dizkiete. Argi utzi ziguten ikasketek dutela lehentasuna, eta horri garrantzia handia ematen diote. Ikasketetan laguntza behar dutenei ere laguntza eskaintzen diete. Horrek segurtasuna eman zigun”.
Behetik gora
Athleticeko txiki mailako nesken taldea orain dela bi urte sortu zuten. Gonzalezen gurasoen berbetan, nesken presentzia gero eta nabariagoa da: “Nesken talde gehiago sortzeko asmoa dagoela entzuten da. Lezaman batzartu ginenean ere esan ziguten goraka doala. Hala ere, oraindik mutilen futboletik urrun dago”.
Herriko taldean bi neska zirela gogora ekarri du Gonzalezek, orain, ostera, gero eta neska gehiago daude. Apurka-apurka egoerari buelta ematen ari dira. “Orain neska asko daude, ume-umetatik. Gero eta gehiago animatzen direla ikusten da”.
Emakumezkoen futbol taldeak indarra hartzen ari dira. Bidea ez da erraza, baina, oztopoak oztopo, tinko mantentzen dira. Azkenaldian, San Mames eta Anoeta zalez bete dira bi euskal taldeen partiduez gozatzeko. Esate baterako, San Mamesek 48.121 ikusle bildu eta historia egin du emakumezkoen futbolean; aurreko marka Katedral zaharrak zeukan, eta 35.000 ikuslerena zen, zuri-gorriek Superliga 2003 urteko apirilaren 27an irabazi zutenekoa. Urtarrileko Erreginaren Kopako finalerdian gertatu zen, eta albistegietako lehen lerroak bete zituen titularrak.
Alabaina, astero gizonezkoen futbolak betetzen ditu goiburu nagusiak. Etxean, kalean zein hedabideetan asko dago egiteko; harrobiko lanagaz fruituak jasotzeko, itxaropenetik errealitate bihurtzeko jauzia emateko.