Prekarietateagaz amaitzeko eskatuko dute gazteek zapatuan, Bilbon
Gernika-Lumoko Ernaik manifestaziora joateko deia egin die eskualdeotako gazteei. Euskadi plazatik plaza eliptikoraino joango da manifestazioa 17:30ean
Ernai gazte antolakundeak “gazteen prekarietatea salatzeko” mobilizazioa egingo du zapatuan Bilbon, eta Gernikako Ernaik eskualdeko gazteei joateko deia egin die. Manifestazioa Euskadi plazan hasiko da 17:30ean eta bertan egingo dituzte lehen adierazpenak; Plaza Eliptikoraino joango dira.
Prekarietateagaz gelditzeko eta Euskal Herrian bizi nahi dutela aldarrikatzeko baliatuko dute zapatuko manifestazioa gazteek: “Bilboko kaleak hartuko ditugu prekarietatea gelditu eta Euskal Herrian bizi nahi dugula aldarrikatzeko. Kaleak hartuz, egungo egoera irauli eta agertoki berri bat sortzeko eskatuko dugu”.
Gazteen prekarietateaz ezeze, bizitzako alor guztietako prekarietateagaz amaitzea “beharrezkoa” dela aldarrikatuko dute, eta hori lortzeko bidea “kolektiboa” dela diote: “Gazteek zein beste herritarrek sufritzen duten prekarietateari aurre egiteko ate guztiak lehenbailehen iztea beharrezkoa da, prekarietateak berak gu irentsi aurretik”.
Gainera, gazteen bizitzak prekarietatez ezaugarritu dituztela adieraziko dute Bilbon, “bizirautera kondenatu” dituztela, alegia.
Busturialdeko egoera. Herri eta auzoetako lana ezinbestekoa izango dela prekarietateari ate guztiak ixteko diote gazteek: “Eremu lokaletako problematikak landu, elkarren egoerak elkarbanatu, bide berriak ireki… Eta ateak itxiko dizkiogu gure bizitzak zeharkatzen dituen prekarietateari”.
Egoera hori salatzeko ekintzak burutu dituzte Ondarroan eta Gernika-Lumon. Gazte gernikarrek udalerriko Lanbideko zentroa erasotu zuten, eta beraien aldarrikapena argi utzi zuten: “2.237 herritarrek langabezian hasi dute urtea Busturialdean”.
Langabeziak emakume aurpegia duela salatu dute, «eurak baitira langabezia gizonezkoek baino gehiago sufritzen dutenak». Gainera, gazteak ez direla Lanbideren estatistiketan “sartu” ere egiten azaldu dute: “Lanbiden ez dituzte gazteak kontuan hartzen, euren lana gehienetan ez delako aitortua”.