Euskaraldiak ohitura aldaketak eragin dizkie gernikarrei
Euskararen erabilera sustatzeko ariketa sozialak ohitura aldaketa eragin duela deritze gernikarrek. Guztira 3.169 pertsonak parte hartu dute Gernika-Lumon.
2018ko Euskaraldiak emandakoa jakitera eman dute arduradunek. Guztira, Euskal Herrian 225.154 biztanlek parte hartu dute; Gernika-Lumon, berriz, 3.169 pertsonak. Euskaraldiak herritarren arteko ohiturak aldatzea eragin duela uste dute gernikarrek, “euskaraz nork zekien jakitea lortu dutelako”. Iazko urte osoan burututako ekintzak ere nabarmendu dituzte, Aprobadie “inflexio” puntutzat hartuz.
Elai-Alai areto txikian elkartu ziren atzo iluntzean Euskaraldian parte hartu duten zenbait herritar, eta guztiek batera euskaraldiak bultzatutakoak aztertu eta baloratu zituzten. 3.169 parte hartzaileetatik %85 ahobiziak izan zien; beste %15, berriz, belarriprest rola hartu zutenak. Busturialdeko beste herri batzuetan moduan, eta Euskaraldiko datu orokorrekin bat eginez, Gernika-Lumon ere hiru parte hartzaileetatik bi emakumeak izan ziren. Parte hartzerik handiena izan zuen adin tartea 31 eta 45 urte bitartekoa izan zen udalerrian. Gazteen inplikazioa ere nabarmentzekoa izan zela azaldu zuten atzo arduradunek.
Ekintza asko. Euskaraldirako sarea osatzea erabaki zuten Gernika-Lumoko Euskara Batzordeko arduradunek, eta ahalik eta sarerik zabalena egin gura izan zuten. Horretarako, 11koak egitea erabaki zuten, eta 30 talde osatu zituzten. Horietako bat herriko 11ko berezia izan zen, eta argazki erraldoia atera zuten San Juan Ibarrako jaietan. Horregaz aurkeztu zuten Euskaraldia udalerrian; ekimen jendetsua izan zen, “nahiko txukuna”. Azkenean, 34 11ko egin zituzten.
Nabarmentzeko beste ekintzetako bat Aprobadie izan zen. Euskal Jaiaren egunean egin zuten, eta 600 pertsona inguruk hartu zuten parte. Ekintza horretatik ondorio batzuk atera zituztela onartu dute Euskara Batzordeko kideek: “Esperientzia pilotu horretatik zer hobetu genezaken ikusi genuen. Ondorioz, bi gauza ondorioztatu genituen. Batetik, txapak hartzeko leku fisiko baten beharra, eta komunikazioa hobeto planifikatu behar genuela”. Hala, batzarrak egin eta ahulgune horiek indartzen ahalegindu ziren arduradunak.
Ahobizi eta belarriprestentzako egindako prestakuntza saioetan ere, ezustekoa hartu zuten, 50 lagun inguruk izena eman zutelako. “Ez genuen espero, eta eskertzekoa da horrelako parte hartzea edukitzea”. Azkenien, hasiera eta amaierako ekitaldiak nabarmendu zituzten, “jende asko” hurbildu zelako.
Esperientziak. Datuak baino euskaraldiaren eragin soziala dela garrantzitsuena esan zuten batzarrean, eta herritarren laguntza “ezinbestekoa” izan dela seinalatu zuten batzorde kideek. “Herritarrek atzetik ibili dira, eta ekintzak burutzen asko lagundu digute”.
Euskaraldiak euskarari buruz hitz egitea bultzatu duela argudiatu zuten batzuek, izan ere, ekintza sozialagaz euskararekiko konpromisoa erakutsi dutela hainbatek esan zuten batzarrean. Sorpresak ere eraman zituzten: “Inguruko herrietan euskaraz berez egiten dugu, baina beti dago sopresaren bat edo beste. Izan ere, euskaraz jakitea espero ez genuenak badaki, eta berarekin euskaraz komunikatu ahal gara”. Hala, horrek ohiturak aldatu dituela eta euskara bultzatzea ekarri duela esan zuten: “Askori edo gutxiri gertatuko zitzaien hori, baina batzuk badaude”.